Eguzki energia sortu eta kontsumitzeko Bizkaiko lehenengo herri kooperatiba sortu dute eskualdean
Gaur [otsailak 21] Ekiola Lea-Artibai proiektuaren aurkezpena egin dute Etxebarrian: herritarrek eurek behar duten energia 100%ean sortu ahal izango dute. Informazio gehiago jaso edo bazkide izan nahi dutenentzat informazio saioak egingo dituzte martxoan Markina-Xemeinen, Lekeition eta Ondarroan.
Hitzordu garrantzitsua eduki dute gaur [otsailak 21] arratsaldean Lea-Artibaiko hainbat herritako ordezkariek. Ekiola Lea-Artibai proiektuaren aurkezpena egin dute Etxebarrian, eguzki energia sortu eta autokontsumitzeko helburuagaz sortu den Bizkaiko lehenengo herri kooperatiba. Bertan egon dira Jesus Iriondo Etxebarriko alkateaz gain, Berriatuko, Ispasterko, Markina-Xemeineko, Ondarroako eta Lekeitioko alkatea ere, eta Ekiola Energia Sustapenak erakundea osatzen duten Krean erakundeko Hodei Arzak eta Elene Santamaria eta Energiaren Euskal Erakundeko Natalia Diaz de Arcaya eta Oscar Puche.
Helburua herritarren energia kooperatiba bat garatzea izanik, duela bi urte baino gehiagoko ibilbidearen hasiera berri bat izan da gaurkoa. Arzakek azaldu duenez, Lea-Artibaiko hainbat herritako udalekin hitzarmena sinatu ostean hasi ziren proiektua lantzen: “Proiektua hasieratik bultzatu duena Etxebarriako Udala izan den arren, hitzarmena daukagu Berriatua, Ispaster eta Markina-Xemeinekin, eta gero atxikitu dira baita ere Ondarroa eta Lekeitio. Beraz, guztira sei herri izango dira oraingoz”. Hala ere, azpimarratu dute dena ondo bidean joango balitz proiektua eskualdeko gainontzeko herrietara ere zabaldu nahiko luketela.
Energia kooperatiba sortzeari esker, herritarrek euren energia sortuko dute, sorkuntzaren jabetza ere eurena izanda: “Zero kilometroko energia izango da. Guk kontsumitzen dugun energia gure inguruan sortzea da helburua, energia burujabetza lortzeko. Energia berriztagarria erabiliz urteko balantzean euren kontsumoaren 100%a sortzeko aukera edukiko dute”.
Eskualdeko 650 familia ingururen kontsumoa sortuko dute plaka fotovoltaikoen bitartez.
Parte hartu nahi dutenentzako informazio saioak egingo dituzte Etxebarriko kultur aretoan, Markina-Xemeingo Esperantza aretoan, Ondarroako Kofradia Zaharrean, Lekeitioko Ikusgarri Zinema Aretoan eta Berriatuko bideo gelan, martxoaren 11n, 12an, 13an, 14an eta 18an, hurrenez hurren. Guztiak 18:30ean izango dira.
Bertan, proiektuaren datu zehatzak azaltzeaz gain, bazkide izateko aukera egongo da: «Interesa dutenek euren kontsumoari buruzko txostena jaso ahal izango dute, erabaki ahal izateko ea proiektuaren parte izan nahi duten edo ez. Txostenean euren kontsumoaren inguruko informazio zehatza jasotzeaz gain, zenbateko aportazio egin beharko lukeen ere esango diegu. Estimatzen da familia bakoitzak 1.500 euro inguruko aportazioa egin beharko duela». Aportazioa proportzionala izango da, familia bakoitzaren kontsumoaren araberakoa.
Instalazioa. Azaldu dutenez, hasierako proiektu horretan plaka fotovoltaikoak instalatuko dituzte Etxebarriako lursail batean. Iriondok azaldu du proposamena duela ia hiru urte jaso zutela: “Esan ziguten herrian zeuden landa-lur batzuk oso egokiak zirela horrelako proiektu fotovoltaiko bat egiteko, alde batetik, eskualde guztiak eguzki ordu gehien dituen lur eremuak daudelako, eta bestalde, orografia nahiko laua dagoelako eremu horretan”.
Guztira 1,25 megawatt izango ditu, eta 650 familia ingururen kontsumoa ahalbidetuko du: “Euren kontsumoaren 100%a sortzeko aukera izango dute, urteko balantzean. Horretarako, proiektuan interesa duten herritarrek aportazio bat egin beharko dute”. Europako Next Generation diru laguntza lortu dute proiektua aurrera eramateko, 764.880 euro hain zuzen ere, eta horri esker, norbanakoen aportazioaren zati bat diruz lagunduta egongo da.
Proiektua ondo joango balitz eskualdeko gainontzeko herrientzako eta komertzioentzako ere zabalduko lukete.
Onurak. Eskualdeko 650 familia inguruk euren etxean behar duten argindar premia guztia eurek sortzea gutxi balitz, instalazioaren prezioa kostua bestekoa izango da; hau da, inork irabazi gabeko kostuan jarri ahal izango dituzte plaka fotovoltaikoak. Iriondok azaldu duenez, proiektuak arrakasta eduki eta ondo funtzionatuz gero, eskualdean badaude beste lursail batzuk proiektuaren instalazioa egin ahal izateko: “Berriatuan, Ondarroan, Ispasterren… Badaude lur eremu katalogatuak mota honetako beste proiektu bat bultzatzeko bertan. Hala ere, honek nola funtzionatzen duen ikusi ostean ikusiko dugu ze bide hartu dezakeen”.
Iriondok nabarmendu du herritar guztientzako egin duten proiektua dela, eta aurrera begira komertzioei zabaltzeko asmoa ere badutela: “Aukera ederra da. Eskualdeko herri eta etxe guztietara nola heldu pentsatzen gabiltza. Aukera oso ona da familientzat inbertsio txiki batekin kontsumitzen duten argindarra eurek sortu ahal izatea 100%ean. Markina-Xemein, Lekeitio eta Ondarroa herri handiak direnez, ezinbestekoa izango da eurak ere proiektura atxikitzea aurrera eraman ahal izateko.”.