Goi mailako zesta-puntaren ikuskizunaren lekukoa hartuko du Ezkurdik
Maialen Aldazabal eta Elaia Gogenola berriatuarrek eta Arai Lejardi eta Erika Mugartegi markina-xemeindarrek jokatuko dute emakumezkoen neguko txapelketaren bigarren ekitaldia. Aritz Erkiaga ispastertarra gizonezkoen banakakoan arituko da.
Euskotren Women Winter Series txapelketak hartuko du Gernika-Lumoko Jai Alai Winter Seriesaren lekukoa. Iazko ekitaldi arrakastatsuaren ondoren, gaur [otsailak 21] aurkeztu dute Ezkurdi Jai Alai Women Winter Series bigarren txapelketa, Durangoko Ezkurdi pilotalekuan. Txapelketa astelehenean [otsailak 26] hasiko da, eta partidu guztiak 19:00etan hasiko dira.
Lehen finalerdia izango da astelehenekoa; bigarrena, berriz, martxoaren 4an jokatuko dute. Final handia martxoaren 11n jokatuko dute. Aurten ere lau bikotek lehiatuko dute, eta bost aurrelari eta hiru atzelari izango direnez, aurrelari batek nahitaez atzelari legez jokatu beharko du. Gauzak horrela, Ihart Arakistain izango da atzelari gisa arituko dena.
Lehen finalaurrekoan Helena Barrenetxea durangarra eta Arai Lejardi markina-xemeindarra Maite Ortiz de Menbidil gasteiztarraren eta Frida Watkins zumaiarraren aurka arituko dira. Bigarren finalaurrekoan, berriz, Erika Mugartegi markina-xemeindarra eta Maialen Aldazabal berriatuarra Elaia Gogenola berriatuarragaz eta Arakistain sopeloztarragaz ariko dira zein baino zein gehiago. Beraz, aurreko urteko bikote txapeldunak – Mugartegi eta Lejardi – ez du bikote legez errepikatuko. Eneritz Lizardi mutrikuarrak ez du txapelketan parte hartuko, belauneko lokailu gurutzatuan haustura duelako.
Maialen Aldazabal: “Momentu honetan bi txapelketa jokatzen egon gara, eta uste dut nahiko ondo natorrela, partidu dezente jokatuta eta frontoian eta kantxan nahiko gustura egonda”
Aldazabalek adierazi du “erritmo onean” iritsiko dela txapelketara: “Momentu honetan bi txapelketa jokatzen egon gara, eta uste dut nahiko ondo natorrela, partidu dezente jokatuta eta frontoian eta kantxan nahiko gustura egonda”. Txapelketaren lehen aldia “nahiko ondo” joan zela uste badu ere, aurtengoan hasieratik partida onak jokatzea eta jendearen interesa piztea espero du: “Helburua partidu onak jokatzea da eta nire maila erakustea; txapela etxera eramatea lortzen badugu, are hobeto, baina lortzen ez badugu ere, behintzat jendeari partidu onak eskaini gura dizkioguk, eta gustura geratu”.
Erika Mugartegi: “Maila handian jokatzeko helburuagaz ekingo diot lehiari”
Bere bikotekide izango den Mugartegik ere, helburu bera du: “Maila handian jokatzeko helburuagaz ekingo diot lehiari”. Lejardik txapelketa bigarrenez egitearen garrantzia azpimarratu du: “Emakumezkoen zesta-puntaren onurarako da; bigarren ekitaldia egiteak esan gura du lehiaketa geratzeko etorri dela, baita beste txapelketa batzuk sortzeko abiapuntua izan daitekeela ere”. Iaz irabazi arren, ez du presiorik igarten. “Beste bikotekide bategaz jokatuko dut; bestelako txapelketa plazaratuko zaigu”.
Bai Mugartegirentzat, bai Lejardirentzat “berdintasuna” izango da nagusi, “bikote orekatuak” osatu dituztelako. Lehenengoak Barrenetxea eta Lejardi faboritotzat ditu; bigarrenak, ostera, Mugartegi eta Aldazabal. Ezkurdi frontoia, beste batzuen aldean, euren jokorako “onuragarriagoa” dela adierazi dute Mugartegik eta Lejardik. “Errebotera heltzeko aukera ematen du; hain zuzen, horixe izan daiteke gakoetako bat”.
Banakako Series. Astelehenero, Women Winter Serieseko partiduaren ostean, gizonek Banakako Seriesa jokatuko dute. Lau pilotarik parte hartuko dute gizonezkoen buruz burukoan: Johan Sorozabalek (Miarritze) eta Ludovic Ladutxek (Getaria) jokatuko dute astelehenean. Martxoaren 4an izango da Aritz Erkiaga ispastertarraren eta Unai Lekerika gernika-lumotarraren arteko partidua. Lehendabizikoa Durangoko zesta eskolaren erreferente da, eta domekan [otsailak 18] Ion Ibarluzea markina-xemeindarrarekin batera Winter Series txapelketa irabazi zuen. Neguko lehia handieneko finalean parez pare izan zuen, hain zuzen ere, Durangon aurkari edukiko duen Lekerika.
Txapelketarako sarrerak eta bonoak eskuragarri daude Eraman!-en webgunean. Bertaratu ezin dutenek astelehenero, EITBn ikusi ahal izango dituzte partiduak, 22:15etik aurrera.
TXAPELKETEN EGUTEGIA
- Otsailak 26, astelehena
19:00. Finalerdia: Barrenetxea – Lejardi vs Ortiz de mendibil-Watkins (Women Winter Series)
Ostean, finalerdia Johan vs Ladutxe (Banakako Series) - Martxoak 4, astelehena
19:00. Finalerdia: Mugartegi – Aldazabal vs Gogenola – Arakistain (Women Winter Series)
Ostean, finalerdia: Erkiaga vs Lekerika (Banakako Series) - Martxoak 11, astelehena
19:00. Women Winter Serieseko finala.
Ostean, Banakako Serieseko finala.