Imanol Pradales: “Markina-Xemein eta Etxebarria arteko saihesbidea beharrezkoa da”
Elixabete Etxanobe Bizkaiko Ahaldun Nagusiak eta Pradales lehendakarigaiak obrak bisitatu dituzte.
Markina-Xemein eta Etxebarria arteko saihesbideko lanak aurrera doaz, agerikoak dira bertatik pasatzen diren edozeinentzako. Elixabete Etxanobe Ahaldun Nagusiak eta Imanol Pradales Azpiegituretarako eta Lurralde Garapenerako diputatuak lanak bisitatu dituzte. Hain zuzen ere, Pradalesek esan du “beharrezko” lanak direla: “Markina-Xemeingo hirigunean izaten diren ibilgailuen arazoak konpontzeko, ibilgailu astunak Etxebarriko industrialdeetarantza igarotzean sortuak batez ere”.
Gogoratu dute saihesbideari esker, egunero 2.611 ibilgailu gutxiago pasako direla herrigunetik, hau da, egungo joan-etorrien erdia. “Nabarmen hobetuko dira mugikortasuna, segurtasuna, ingurumena eta Markina-Xemeingo eta Etxebarriko bizilagunen ongizatea. Eta aukera paregabea da herriko hiri berroneratzerako, udalerriari aisialdirako eta gozamenerako espazioa itzuliz”.
Proiektuaren barruan, ia kilometro bateko luzera izango duen bide bat eraikiko dute. 335 metroko tunela izango du eta lubaki erako pasabideak izango ditu, “erabiltzaile guztientzako ibilbide segurua eta erosoa bermatzeko”. Horretarako, 25.687.629 euroko inbertsioa (BEZa barne) egingo dute eta lanek 28 hilabeteko iraupena izatea aurreikusten dute, hau da, 2026ko lehen hiruhilekorako.