50 ziortza-bolibartarretik gora elkartu dira medikua eskatzeko
Markina-Xemeingo osasun etxearen aurrean elkarretaratzea egin dute, izan ere, bi urte baino gehiago dira herrian mediku zerbitzurik ez dutela.
Ziortza-Bolibarren mediku eta erizain zerbitzua orain! lelopean gaur [otsailak 22] eguerdian elkartu dira 50 ziortza-bolibartarretik gora Markina-Xemeingo osasun etxearen aurrean, herrian mediku zerbitzua behar dutela aldarrikatzeko. Izan ere, bi urte baino gehiago dira herrian medikurik ez dutela: “2020ra arte astean egun batean izaten genuen zerbitzua. Orain, ordea, ez daukagu ez mediku, ez erizainik”.
Elkarretaratzeagaz amaitu dutenean Markinaldeko mediku burua den Mikel Odriozolari eta Eusko Jaurlaritza eta Osakidetzako arduradunei gutun bana eman diete, euren eskaera azalduz: “Mediku zerbitzua ipintzeko eskatu nahi diegu. Gure eskubidea delako herrian mediku eta erizain zerbitzua edukitzea. Zehazki, asteko egun batean medikua eta erizaina herrian egon daitezen eskatzen dugu”.