X. Ilusio Ponpak jardunaldiak ilusioaren bonbilla piztu du
Lea Artibai Ikastetxeak hamargarrenez egin du gaur [otsailak 22] Ilusio Ponpak jardunaldia, punta-puntako hizlariekin. Ikastetxeko auditorioa bete egin dute parte hartzaileek Ibon Oregi markina-xemeindarra, Mar Romera eta Emilio Duro entzuteko.
Energia positiboz betetzeko asmoz, 130 lagunetik gora elkartu dira gaur [otsailak 22] goizean Lea Artibai Ikastetxeko X. Ilusio Ponpak jardunaldian. Ohiko tokitik apur bat aldenduz, Esperantza aretoan egin beharrean ikastetxeko auditorio berrian jarri dute hitzordua, eta ezin hobeto erantzun dute parte hartzaileek, aretoa goraino betez.
Antolatzaileek hartu dute hitza jardunaldiagaz hasteko, eta eskerrak emanaz hasi dute eguna: “Hamargarren ekitaldia da aurtengoa, eta energia positiboz gainezka etorri gara”. Hiru hizlari entzuteko aukera eduki dute bertaratu direnek, “goi mailakoak” guztiak ere: “Hasteko, Ibon Oregi markina-xemeindarrak hartuko du hitza, gure lankide ohia izandakoa da. Jarraian, Mar Romera egongo da, eta ostean etena egingo dugu. Etenaren ondoren Emilio Duro egon behar zen hemen, baina azken orduko arazo batengatik telematikoki egingo dugu Duroren hitzaldia”.
Mugak gaindituz. Gertutik gertura hasi dute hitzaldia, beraz, parte hartzaileek. Bere buruaren mugak gaindituta heldu da Oregi ikastetxera, eta horixe izan da, hain zuzen ere, entzuleen artean zabaldu nahi izan duen mezua Aparretik bizi hitzaldiagaz. Bere bizitzako istorioa kontatuz hasi du hitzaldia, bi argazki erakutsiz: “Argazki batean 2014ko urria zen, nire kirol bizitza bere punturik altuenean zegoen eta sekulakoa zen. Alboko argazkia azaroa zen, baina 2020koa. Ospitaletik irten nintzen lehenengo eguneko argazkia da”.
Izan ere, garai haietan istripu bat izan zuren Oregik, eta bere bizitza guztiz aldatu zuen: “Soinketako irakaslea nintzen, eta eskolara joan aurretik lagun batekin olatu bat hartzera joan nahi nuen. Biok batera Zumaiatik Getariarako errepidean gindoazen, korrika, eta une batetik bestera, airean geunden”. Konturatu zenerako, ezkerreko hanka falta zuen: “Nik buruan neukan gauza bakarra zen oraindik ez nuela hil nahi”.
Ordutik ezkerreko hankarik barik bizitzen ikasi du Oregik, eta surfa izan da bere terapia: “Terapia bezala hartzen dut. Lehen bezala ez den arren, aske sentitzen naiz. Orain laguntza behar dut toki batzuetara joateko, baina, hori ere esperientziaren parte da, eta oso babestuta sentitzen naiz”. Behin eta berriz azpimarratu du berarentzat jarrera ezinbestekoa izan dela bizitzan aurrera egiteko: “Niretzako oso garrantzitsua da energia ona transmititzea gure ingurukoei, ze energia kutsatu egiten da. Bizitzarren aurrean dugun jarrera garrantzitsua da. Ezagutza eta abilezia asko eduki dezakezu, baina jarrerarik barik, batez ere zailtasunen aurrean, ez zoaz inora”.
Mar Romera: “Ilusioa eta motibazioa uneak dira, ez dira egoteko tokiak”.
Ilusioa. Hitzaldiagaz amaitzeko, jarrerari bezainbeste garrantzia eman dio Oregik ilusioari ere. Argi esan du berarentzat ezinbestekoa dela ilusioa edukitzea, gauza txikiengatik bada ere: “Ilusioak edukitzea oso merkea izan daiteke: lagunekin kafe bat hartu, bizikletan ibili, familiarekin zerbait bat egin… Ez da diru kontua, gogo eta jarrera kontua baizik. Niretzat edalontzia beti erdi beteta egon behar da. Momentua bizi eta gozatu behar dugu. Ez da erraza, baina saiatzea da garrantzitsuena”.
Jarraian, Mar Romerak hartu dio lekukoa Oregiri eta ilusio ponpei erreferentzia eginez hasi du El valor de elegir es de valientes izenburua jarri dion hitzaldia. “Ilusioa eta motibazioa uneak dira, ez dira egoteko tokiak” esanaz hasi du hitzaldia, eta bideaz gozatzearen garrantzia azpimarratu du. Bere ustez, egungo egoerei aurre egiteko gakoa “balio eskala on batetik aukeratzea” da, emozio egokia une egokian aukeratuta.
Emilio Duro: “Bizitza aldatu nahi baduzu, aldatu begiratzen duzun modua”.
Romeraren ostean atsedenaldia egiteko tartea hartu dute bertaratu direnek. Jarraian, Durok hartu du hitza, eta barre algaraz bete du aretoa. Umorez, baina, bere bizitzan mugarriak izan diren uneei buruz aritu da, eta Oregik esandakoa errepikatu du Durok ere: “Bizitza une batetik bestera aldatzen da”.
Gogoeta egin du bizi duen bizitza benetakoa ala faltsua den pentsaraziz, eta guztia pentsatzeko moduaren araberakoa dela aipatu du. Horren konponbidea, begirada aldatu ahal izateko konponbidea, gelditu eta gauza onetan pentsatzea dela esan du: “Bizitza aldatu nahi baduzu, aldatu begiratzen duzuna modua”.