Zabalik dago VII.Ziriako Andonegi mikroipuin lehiaketara lanak aurkezteko epea
Apirilaren 5a izango da parte hartzeko azkenengo eguna.
Mutrikuko Kultura Batzordeak zazpigarren Ziriako Andonegi mikroipuin lehiaketako izen ematea zabaldu du eta lanak aurkezteko azkenengo eguna apirilaren 5a izango da. Edonork parte hartu ahal izango du lehiaketan eta parte hartzaile bakoitzak nahi beste lan aurkeztu ahal izango ditu, baina “egile bakoitzak sari bakarra jaso ahalko du”.
Ohi legez, gaia librea da eta, gehienez ere, 100 hitzeko kontakizunak aurkeztu daitezke; euskaraz idatziak, originalak eta argitaratu gabeak. Aurten parte hartu nahi dutenek inprimaki bidez izena eman beharko dute. “Inprimakia betetzerakoan egilearen datu guztiak bete beharko dira, nortasun agiria barne, eta baita goitizena ere”. Bidalketan gehitu beharko da idazlanaren fitxategia goitizenez sinatuta.
Hiru sari banatuko dira:
- 18 urtetik gorakoen lan onena: 500 euroko saria.
- Mutrikuarren arteko lan onena: 200 euroko saria.
- 18 urtetik beherakoen lanik onena: 200 euroko saria.
Aurkeztutako lanek maila egokirik ez balute, sariak eman gabe gera litezke. “Mutrikuko Udalak beretzat gordetzen du saritutako lanak argitaratzeko eskubidea, egileen izenak aipatuta, betiere”.