Euskarazko dokumentalak eskainiko dituzte Lekeition
Lekeitioko Udalak Zinemazale Elkartearekin hasitako ekimena da. Martxoaren 21ean egingo dute lehenengo emanaldia.
Lekeitioko Udalak eta Zinemazale Elkarteak elkarlanean euskarazko lau dokumentalen emanaldia eskainiko dute Ikusgarri Zinema aretoan; emanaldi denak 19:30ean izango dira, eta sarrera 3 euroren truke eskuratu ahal izango da. Antolatzaileek azaldu dute euskararen egoeraz kezkatuta daudela, eta urte osoko kultur eskaintza zabaltzeko asmoz jarri dutela martxan ekimena, “urte osoan herria bizirik mantentzeko helburuagaz”.
Hori horrela, Mundu bat motxilan dokumentalak estreinatuko du ekimena. Martxoaren 21ean elkartuko dira ikusleak Alex Txikon mendigoizalearen bizitzari buruzko gogoetak ezagutzeko: “Bere biografiarekin lotutako istorioak eta beste mendizale batzuenak ezagutuko ditugu, eta, batez ere, mendiaren abenturari ekiteko moduari eta naturarekiko eta besteekiko harremanei buruzko gogoetak ezagutuko ditugu”.
Bigarren emanaldia Fermin Muguruzaren Bidasoa 2018-2023 dokumentala izango da, ekainaren 13an. Pirinioetako eta Atlantikoko Bidasoako muga naturaleko hainbat pasabide ixtean eragindako ondorioak azaleratzen ditu dokumentalak, ibaiaren alde bateko eta besteko aktibisten ahotsa eta aurpegia lehen lerroan jarriz.
Irailaren 12an eskainiko dute hirugarren dokumentala: Arnasa betean. Zinemagile euskaldunak agertzen dira bertan, emakumeak denak. Ahotsa emateaz gain, eurek zuzendutako filmetan landu dituztek gaiei buruzko dokumentala da: “Begirada, ametsak, aurera ateratzeko egindako ahaleginak, eta, batez ere, zinemari eta gizarteari egiten dioten ekarpenarengatik aukeratu dugu”.
Azkenik, ekimenagaz amaitzeko, abenduaren 12an Zure platerean hasten da mundua dokumentalaren proiekzoa egingo dute: “Bizi dugun krisi ekosozialak gure bizi ohiturak errotik aldatzea eskatzen digu. Proiektu honetan iraultza horri ekiteko ezinbesteko osagai bat aurkezten da: Agroekologia.
Solasaldiak. Emanaldiak gutxi ez, eta informazio gosez geratzen direnentzat dokumentalen ostean solasaldiak ere antolatu dituzte “landutako gaiaren inguruan hausnarketa desberdinak egiteko aukera emateko”. Ibai Zabalak eta Iranzun Mentxakak gidatuko dituzte solasaldiak.