Finalerako txartela lortu du Sagarmendik
Gipuzkoako Pilota egokituko Txapelketako finala lehiatuko du martxoaren 23an, Oñatiko pilotalekuan.
Gipuzkoako pilota egokituko hamalaugarren Txapelketako finalerako txartela eskuratu du Eneko Sagarmendi mutrikuarrak eta Iraitz Huegun donostiarrarekin lehiatuko du txapela martxoaren 23an Oñatiko Zubikoa pilotalekuan jokatuko den final handian.
Txapelketako bi jardunaldi jokatu dituzte jada eta hiru partida lehiakor jokatu, eta horietatik bi irabazi ostean, finalean ezarri du begirada Sagarmendik. Lehenengo jardunaldia Tolosako Beotibar pilotalekuak hartu zuen otsailaren lehenengo asteburuan. Sagarmendik 15-10 irabazi zuen Erik Aton donostiarraren aurrean. “Oso partidu gogorra izan zen baina teknikoki agindu egin nuen” .
Bigarren jardunaldia, ostera, asteburuan izan da Hernanin eta bi partida jokatu ditu Sagarmendik. Lehenengoa Iraitz Huegun donostiarraren aurka, eta partida estua lehiatu ostean, ezin izan zion donostiarrari eutsi; 14-15 galdu zuen. “Iraitz egon zen agintzen partidan eta nik defenditzeari ekin behar izan nion, gainera pilota asko huts egin nituen, eta hori ez da gertatzen normalean”. Bigarren partida, ostera, 15-5 Joseba Altuna oriotarraren aurka izan zen eta 15-5 aurreratu zen mutrikuarra, partidan aginduta. “Dena ondo atera zitzaidan partidan eta nabaritu egin zen”. Hortaz, emaitzak alde izanik, txapelketaren goialdean ipintzea lortu du eta finalerako txartela du eskuan.