"Goi mailako partidak" jokatu dituzte Etxebarrian
Emakume Pilotarien Jaialdia ospatu zuten atzo [otsailak 25] Etxebarrian. Emakume Master Cup txapelketako gazte eta elite mailako partidez gain, eskualdeko puntistek ere jokatu zuten.
Emakumeen pilota partidek hartu zuten atzo [otsailak 25] Etxebarriko frontoia, izan ere, Emakume Pilotarien Jaialdia ospatu zuten lehenengoz. Etxebarriko Udala eta Emakume Master Cup elkarlanean aritu ziren jaialdia antolatzeko, eta herritarren nahiz pilotarien erantzuna ezin hobea izan zen, “goi mailako partidak” jokatuz.
Jaialdia goi-goitik hasi zuten eskuz binakako pilota mistoko gazteen partidagaz. Sare Aretxaga zornotzarra eta Eider Perez lezamarra aritu ziren kolore gorriagaz, Jone Merino eta Jaione Fernandez gasteiztarren aurka: “Aretxagaren debuta zen Emakume Master Cup txapelketako pilota mistoko gazteen mailan, eta partida ona egin ostean, bizkaitarrek arabarren aurka maila hobeagoa erakutsi zuten”. Hala, partida 18-8 irabazi zuten Aretxagak eta Perezek.
Gazteen ostean pilota mistoko elite mailako emakumeek hartu zuten kantxa. Madalen Etxegarai oƱatiarra eta Enara Gaminde laukiztarra aritu ziten kolore gorriagaz, Miren Larrarte bidaniarraren eta Andrea Capellan errioxatarraren aurka; berez Larrarteren bikotea Bergara izan behar zen arren, eskuan mina zuenez Capellanek ordezkatu zuen. Denek maila “oso ona” erakutsi zuten arren, Etxegaraik eta Gamindezek lortu zuten txapela, 22-18 irabaziz.
Partida erabakigarria izan zen atzokoa, izan ere, emaitzen arabera erabaki zuten domekan [martxoak 3] Elgoibarren jokatuko den finalerdia. Etxegarai eta Gamindez sailkatu ziren arren, antolatzaileek adierazi dute goi mailako partida izan zela: “Pilotariek oso maila ona erakutsi zuten. Elitekoen partida oso ona izan zen. Orekatua izan zen eta tanto oso onak ikusi ahal izan genituen aurrekaldean, bi aurrelarien artean. Goi mailako partida izan zen. Partida erabakigarria zen eta horrek pilotariengan eragina izan zuela ikusi zen partida gogorra egin zutelako”.
Hori horrela, domekan [martxoak 3] Elgoibarko frontoian dute hurrengo hitzordua pilotazaleek; elite mailan Etxegarai eta Gaminde ariko dira Aldai eta Bergararen aurka. Horrez gain, gazteen mailan Arrizabalagak eta Erasunek jokatuko dute Beitiaren eta Mendizabalen aurka; Euskal Telebistaren bitartez ere jarraitu ahal izango dira finalerdietako partidak.
Apustu sendoa. Emakume Master Cup txapelketako pilotariek ez ezik, bertokoek ere jokatzeko aukera eduki zuten. Ihart Arakistain sopeloztarrak eta Maialen Aldazabal berriatuarrak jokatu zuten Elaia Gogenola berriatuarraren eta Erika Mugartegi markina-xemeindarraren aurka, zestan. Partida “oso lehiatua” jokatu zuten bertoko puntistek: “25-23 irabazi zuten Gogenolak eta Mugartegik. Partida entretenigarria izan zen. Jendea etorri zen frontoira, eta jaialdia polita izan zen. Goi mailako partidak jokatu zituzten”.
Emakume Master Cup txapelketako antolatzaileek Etxebarriko Udalak emakumeen esku pilotaren alde egiten duen apustua nabarmendu nahi izan dute. Jesus Iriondo Etxebarriko alkateak argi dauka emakumeen kirola hauspotzen jarraituko dutela: “Emakumeen kirolaren aldeko apustua betidanik egin dugu. Gero eta indar gehiago hartzen doa, eta orain ere bultzada gehitu egin behar zaio guzti honi. Emakumeen pilota jaialdiaz gain, herriko emakumeen kirol antolamendua ere nabarmena da. Ekainaren 29an, esaterako emakume talde baten ekimenez rally lasterketa egongo da”.
Hori horrela, emakumeak eta kirola lotzen dituen hurrengo ekintza martxoaren 3an egingo dute: Kirola eta Etxebarriko emakumeak mahai ingurua eta solasaldia eskainiko dituzte, 12:00etan, kultur aretoan.