Herribusak goizeko zerbitzua eskainiko du soilik
Arratsaldeko bidaietako erabiltzaile kopurua ikusita, zerbitzua bertan behera uztea erabaki du udalak.
Martxoaren 1etik aurrera Ondarroako Herribusak bakarrik goizez eskainiko du zerbitzua. Udaletik zehaztu dutenez azken hiru urteetan zerbitzuak izandako erabiltzaileen beherakada ikusita hartu da erabakia. “Funtsezkoa jo dugu zerbitzua goizez mantentzea, eta erabilerarik ez duen ordutegietan zerbitzua kentzea, alferrikoa zen gastu bat suposatzen duelako herritarrentzat, azken hiru urteetako datuek erakusten duten moduan”.
Herribusak urtean 4.437 bidaia egin ditu eta 20.330 erabiltzaile izan ditu; bidaia bakoitzean ez da 5 erabiltzaileko bataz bestekora ere iristen. “Goizeko erabiltzaile kopuru handia ikusita, horrek esan nahi du arratsaldeetan erabilera minimoa edo erabilerarik gabeko zerbitzua dela Herribusa”.
Erabilera ordutegien azterketa egin ostean goizeko erabiltzaile kopurua handia dela ikusi da, batik bat, 08:00etatik 09:00etara bitartean eta 11:00etatik 12:00etara. Gainera zehaztutako ordutegietako erabiltzaile segmentua “oso zehatza” dela azaldu dute: “Erabiltzaile kopurua handia da, eta horrek bi oinarri ditu: alde batetik Osasun Zentrora doazen nagusiak eta bestetik KamiƱazpi auzotik herrigunera doazen bizilagunak”.
Hortaz, “erabilerarik ez daukaten” arratsaldeko lau bidaiak kendu egingo dira. “Arratsaldetako erabiltzaile kopurua murrizten joatea batez ere ikasleen mugikortasun ohitura aldaketen ondorioa dela uste dugu: lehen, Herribusa erabiltzen zen ikastoletatik etxera joateko, eta orain, ostera, bizikletaz edo patineteaz joateko ohitura areagotu egin da”. Erabiltzaileen %59,06a 65 urtetik gorako herritarrak dira.
Martxoaren 1etik aurrera 08:00etatik 13:40rako ordutegia izango du neguan. Uztailaren 1etik abuztuaren 31ra, ostera, 08:00etatik 12:50era. “Ohiko geralekuak izaten jarraituko du, horretan ez dago aldaketarik”.