Albizuk lau domina eskuratu ditu Espainiako Pista Txapelketan
Espainiako Pista Txapelketan bi urre, zilarra eta brontzezko dominak lortu ditu Euskadiko Egokituen Selekzioarekin lehiatzen duen Mutrikuko txirrindulariak.
Ander Albizu mutrikuarrak lau domina bereganatu ditu Espainiako Pista Txapelketan. Euskadiko Egokituen Selekziotik lau txirrindulari aritu dira lehian asteburuan Galapagarren (Madril); denek lortu dituzte dominak, horien artean Albizuren bi urreak bakarkako jazarpenean eta scratchean, eta zilarra omniumean.
Zapatuan [otsailak 24] abiatu ziren txapelketako lehenengo probak, eta baita lehenengo dominak ere. Bakarkako jazarpen proba lehiatu zuen Albizuk, eta lehenengo txapela etorri zen. Txapelketa goi-goitik hasita, arratsaldean taldean lehiatzeko txanda ailegatu zen eta Euskadiko Selekzioak brontzea eskuratu zuen taldekako abiadura proban; Albizuk, Oskar Garro Antxia eta Aitor Oleaga Pajarorekin batera aritu zen lehian.
Domekan [otsailak 25] beste bi proba lehiatu zituzten Selekzioko txirrindulariek; kilometroa eta scratcha. MC5 kategoriako lasterketan Albizu oso lehiakor abiatu zen, baina ez zuen lortzen tarterik irekitzea. Azken itzulian, ostera, indarrak batu zituen taldekide batekin eta eraso bortitz bat jotzeko aukera ikusi zuen. Orduan bai, talde nagusitik aldentzea lortu zuen, eta horrekin batera, garaipena etorri zen. Zehazki, bigarren urrezko domina. Omnium sailkapenean, ostera, zilarrezko domina eskuratu zuen mutrikuarrak; kilometro probako puntuazioa izan zen urrezko dominatik aldendu zuena.