Etxebarriko kintopeko zaldi probak apirilaren 12tik 24ra jokatuko dituzte
Izena martxoaren 24an eman beharko da, Etxebarriko Udalaren bulegoetan.
Pazkoetako idi proben ostean, kintopeko zaldi probek hartuko dute Etxebarriko probalekua, apirilaren 12tik 14ra. Parte hartu nahi dutenek martxoaren 24an, 13:00etan, Etxebarriko Udalaren bulegoetan eman beharko dute izena (94-616 64 32). Ostean, antolatzaileak egun bakoitzeko partaideak izendatuko ditu. Horrez gain, zaldiak saio bakoitza baino ordubete lehenago pisatuko dituzte.
Urtero bezala, Etxebarriko 800 kiloko harria erabili beharko dute parte hartzaileek, 50 kiloko txapagaz batera. Abereek, gehienez ere, 400 kilo eduki beharko dituzte. Hortik gorako zaldia izanez gero, gainkarga izango du: kilo bakoitzeko, kilo bat. Horrez gain, zaldi bakoitzak bi itzain libre eroango ditu.
Saio bakoitzak 30 minutu iraungo ditu, eta udalak jakitera eman duenez lehiaketa Euskal Herriko Kirol Federazioak kontrolatuko du, ohiko legez.
Sari potoloak. Guztira, gutxienez, sei sari banatuko dituzte. Irabazleak 800 euro eta manta eskuratuko ditu; bigarren postutik seigarrenera 700, 600, 550, 450 eta 400 euro irabaziko dituzte. Gainontzekoek 300 euroko dieta jaso ahal izango dute txapeldunaren markaren %70a egiten badute.