Itxita dago Mutriku eta Deba arteko pasealekua
Hamar metro inguruko zuloa egin da pasealekuaren eta GI-638 errepidearen behealdean dagoen azpi horman.
Mutriku eta Deba arteko pasealekua itxita dago, baita autoen errepideko errei bat ere, azpi horman itsasoak eragindako kalteak direla eta. Gipuzkoako Foru Aldunditik zehaztu dutenez itxierarekin jarraituko dute, “egoera hobetu arte”.
Azken egunetako itsasoaren indarraren eraginez, olatuen kolpeei esker pasealekuaren behealdean eta GI-638 errepidearen azpialdean dagoen kostaldeko azpi hormaren zati bat haustu eta hamar metroko zabalera eta zenbait metroko sakonerako zuloa sortu da. Horren ondorioz, erabiltzaile guztientzat itxita dago pasealekua, baita autoentzako errei bat ere. “Deba eta Mutriku arteko GI-638ari dagokionez, errei bakarra egongo da zabalik, itsasoak puntu honetan ere kalteak eragin baititu euste-hormatik barrura aldera”, zehaztu dute Aldunditik.
Domekan [otsailak 25] eman zuten egoeraren berri pasealekuan zeuden herritarrek eta atzo [otsailak 26] Gipuzkoako Foru Aldundiko teknikariak bertaratu ziren kalteak neurtu eta jarraitu beharreko urratsak zehazteko asmoz. Teknikariek egindako lanketaren ondoren emergentziazko prozedura bat abiatu dute: “Departamentuak emergentziazko prozedura baten bidez, martxan jarriko ditu konponketa obrak, ahal bezain laster lanak hasteko. Kasu honetan ere, lanak egin ahal izateko eguraldia baretu eta egonkortu beharko da”.