Lau domina lortu dituzte ondarrutarrek Euskadiko Neguko Txapelketan
Ondarru Igeri taldeko sei igerilarik parte hartu dute asteburuan Tolosako Usabal kiroldegian lehiatu den Euskadiko Txapelketan.
Dominak batuz doaz Ondarroako igerilariak. Bizkaiko Txapelketan maila paregabea erakutsi ostean, asteburuan, Tolosako Usabal kiroldegian aritu dira Euskadiko Neguko Txapelketa lehiatzen eta maila ederra erakutsi dute; zilarrezko hiru domina eta brontzezko bat etxeratu dituzte.
Naroa Osa Garnikak zilarra lortu du 100 metro bizkar proban. Elaia Mujika Basterrak 50 metro krolen bigarren postua lortuta, zilarra lortu eta Dylan Akarregi Murphyk bi zilar bereganatu ditu; 100 metro bizkarren eta 200 metro bizkarren. Dominak lortu ez badituzte ere, Uxue Mendizabal Zenarruzabeitiak, Noa Basaras Kortabarriak eta Ariane Fernandez Garrok maila ederra erakutsi dute txapelketan.
Ondarru Igeri taldetik pozik agertu dira txapelketan erakutsitako mailagaz: “Igerilariek beraien trebetasunak isladatzeaz gain, gure herriaren izena ere kirol arloan sustatu dute. Haien ahalegina eta konpromisoa eredu dira guztiontzat, eta txapelketan aritzeak harrotasunez bete gaitu”. Hurrengo erronka etxean edukiko dute, zapatuan [martxoak 2] Ondarru Saria hartuko baitu Zaldupe kiroldegiak.