Mintzapraktika egingo dute bihar Lekeitioko Andraetxean
Euskara ikasi edo praktikan jarri nahi duten emakumeentzako saioa izango da. Datorren eguaztenean [martxoak 6] Afrikako emakume esanguratsuen inguruko tertulia egingo dute.
Lekeitioko Andraetxeko kideak aurrera doaz euren urteko proposamenekin: eguaztenero Andraetxea irekitzea, eta hala nahi dutenek, ekintzaren bat antolatzea. Hori horrela, bihar [otsailak 28] Andraetxea zabaltzeko konpromisoa dutenek hitzordu berri bat gehitu dute: Eguaztenak Andraetxian ekimenaren baitan mintzapraktika egingo dute. Euskaraz hitz egiten ikasi edo dakitena praktikan jarri nahi duten emakumeentzako saioa izango da. Parte hartu nahi dutenentzat 16:30etatik 18:30era egongo da zabalik Andraetxea.
Eguaztenak Andraetxian ekimenari jarraituz, datorren eguaztenean [martxoak 6] bi emakume migratzailek zabalduko dute Andraetxea, eta 18:00etan Afrikako emakume esanguratsuen inguruko tertulia eskainiko dutela aurreratu dute.
Irakurle talde feminista. Gaur [otsailak 27] ostera, irakurle talde feministaren lehenengo saioa egingo dute Andraetxean, Lekeitioko Udalaren eta Andraetxearen elkarlanaren erakusgarri. Dendaostekoak liburua landuko dute, Uxue Alberdi liburuaren idazleagaz eta Ane Labaka Mayoz idazle eta bertsolariaren gidaritzapean.