Juniorrik onenak 39. Atxukale Sarian elkartuko dira
Zapatuan [martxoak 2], 39. Atxukale Saria egingo dute Mutrikun. Junior mailako lasterketak maila handiko partaidetza edukiko du. Birritan igoko duten Kalbario gaina izango lasterketako epailea.
Mutrikuk Atxukale Saria txirrindulari lasterketaren 39. ekitaldia hartuko du zapatuan [martxoak 2]. Gazte mailako Gipuzkoako txirrindulari egutegiko bigarren lasterketa izango Mutrikukoa, eta Gipuzkoako nahiz inguruko txirrindularirik onenak bilduko ditu. 180 parte hartzaile inguru edukiko dituen tropelak 15:30ean ekingo dio 87 kilometroko ibilbideari, eta helmuga 17:40 eta 17:47 bitartean harrapatuko dute.
Bete beharreko ibilbideak zati oso desberdin bi edukiko ditu: lehendabiziko 57 kilometroak leun samarrak izango dira; azken 30ak, ostera, gorabeheratsugoak eta gogorragoak. Ziklistek Osintxura joan-etorria egingo dute lehenengo, eta bertako saihesbidea igoko dute. Mutrikura bueltatu eta helmugako gunetik pasatu ondoren, Kalbario mendateko lehen igoera abiatuko dute; Sasiolatik Debara eta Debatik Mutrikura eginda, bigarren itzulia egingo dute toki beretik. Mendateko bigarren pasaerak erabakiko du lasterketako garailea.
Trafikoarentzako oharrak.
Udaletik, herritarrei pazientzia eskatu diete, lasterketak aparkalekuetan eta trafikoaren iragatean sortu ditzakeen “afekzioengatik”. Probak iraun artean, 16:15 eta 17:40 bitartean, Kalbario gainerako errepideko bi erreiak itxita egongo dira, zentzu bietan. Horrez gain, Jose Maria Altzibar kalean (Tamaio aurreko gunea barne) bihar 07:00etatik 18:30era artean autoak kendu beharko dituzte, eta Goiko Eroskiko eremuan ere ezin ixzango dira kotxeak atera, lasterketak iraun artean.
Gipuzkoako gazte mailako egutegia Eibarren hasi zuten iragan asteburuan: otsailaren 24an Udaberri Saria lehiatu zuten. GT Tolosa/Danena etxeko EƱaut Urkaregi Sanz izan zen 78 kilometroko ibilbidea bizkorren bete zuena; garaileak ordu biko denbora behar izan zuen, gariapena poltsikoratzeko.