Kaleak hartzeko deia egin dute Ondarroan
Ikastaroak, dantzaldia, liburu aurkezpenak, binakako bakarrizketa eta erakusketa daude martxoaren 8aren inguruan herriko eragileek, udalagaz batera, osatu duten egitarauan.
Martxoaren 8a ardatz egitarau osatua aurkeztu dute Ondarroan. Herriko eragile feministek,udalagaz batera, kaleak hartzeko deia egin dute. Aldarrikapenez jositako ekimenen artean Emakumeen Nazioarteko Eguneko arratsaldean egingo diren ekimenak nabarmendu dituzte; eragileek bat egingo duten unea izango baita.
Urte osoan egiten den lanketa kalera ateratzeko unea dela zehaztu dute udaletik: “Garrantzitsua da egun hain berezietan kalean egotea eta aldarrikapenak are gehiago zabaltzea. Ondarroan urte guztian egiten dugun lanketa kalera atera eta indarra erakusteko aukera daukagu berriro ere, eta hori lortze aldera antolatu dugu egitaraua denon artean: Udala, Kontseiluaren eta Etxelilaren bitartez, Ondarruko Mugimendu Feminista eta beste hainbat eragile eta herritar”.
Ikastaroak, dantzaldia, liburu aurkezpenak, binakako bakarrizketa eta erakusketa dakar egitarau osatuak. Bakoitzak bere alea jarriz, alor ezberdinak jorratuko dituen egitaraua osatu dute eta jendeari parte hartzeko deia egin diote: “Urtero modura oso eskertuta gaude eta jendeari parte hartzeko deia egiten diogu”.