220 igerilari batuko ditu 32. Ondarru Sariak
Zapatuan [martxoak 2] herriko igerilariez gain, sei taldetako igerilariak ariko dira lehian. Zuzenean jarraitzeko aukera egongo da.
Ondarru Igeri Taldeak urtero antolatzen duen hitzorduari helduko diote zapatuan [martxoak 2] Zaldupe udal kiroldegiko igerilekuan: 32. Ondarru Saria. Eskola mailako eta federatutako 220 igerilari batuko dira Ondarroan.
Herriko igerilariez gain, sei taldetako igerilariak ariko dira lehian; Markina-Xemeingo igeri taldekoak, Azpeitiako Izarraitz taldekoak, Bermeoko Kikunbera taldekoak, Zalla Zurkide taldekoak, Amorebietako igeri taldekoak eta Igorreko taldeakoak.
Lehenengo probak 09:30ak aldera hastea aurreikusten da eta 50 eta 100 metroko probak egingo dira, estilo guztietakoak. Horrez gain, taldekako errelebo lasterketak ere lehiatuko dituzte.
Ohi legez, Ondarroako igeri eskolakoek erakustaldia egingo dute, kasu honetan, arratsaldean egingo da. “Taldeko txikienen unea izango da, 25 metro egiten dituzte, bi estilotan, famili eta ikusleei ikasitakoa erakusteko aukera ematen du”.
Aurten ere igerileku kanpotik jarraitu ahal izango dute txapelketa ikusleek, eta zuzenean jarraitzeko aukera ere egongo da. Kiroldegiko zuzendaritzatik jakinarazi dutenez, igerilekua itxita egongo da 09:00etatik 14:30era bitartean.