"Hitzarmen duin baten alde" borrokan jarraitzen dute Bizkaiko kiroldegietako langileek
Grebaren eraginez Markina-Xemeingo kiroldegia guztiz itxita dago. Ondarroan, berriz, igerilekua itxita dago eta ekintza gehienak geldituta daude.
Bizkaiko kiroldegietako langileen bigarren greba eguna da gaurkoa [otsailak 29] eta Markina-Xemeingo eta Ondarroako kiroldegietako langileak Markina-Xemeingo udaletxe aurrean elkartu dira protesta egin eta hitzarmena negoziatzeko eskatzeko: “Hitzarmenaren alde gabiltza borrokan. 2023tik 2028ra bitarteko hitzarmena negoziatzen gabiltza, eta ez dago aurrerapausorik, beraz, ez daukagu beste bidetik greba egitea baino”.
Grebaren eraginez, Markina-Xemeingo kiroldegia guztiz itxita dago, eta Ondarroakoan igerilekua itxita dago eta ekintza gehienak geldituta daude: “Herri txikietan greba inzidentzia maila altua ari da edukitzen. Hiri handietan gaitzagoa da, beraz, guneka ikusi beharko litzateke”.
Argazki erraldoia. Datorren asterako beste hiru greba egun deitu dituzte: martxoaren 4a, 5a eta 9a. Martxoaren 9an, zehazki, erabiltzaileen eta langileen argazki erraldoia aterako dute, 11:00etan, Markina-Xemeingo kiroldegi aurrean: “Herritar nahiz erabiltzaile guztiei kiroldegi aurrera etortzeko deia egiten diegu: denon arteko argazki erraldoi bat atera nahi dugu”.