Palestinaren aldeko kotxe karabana egingo da Lea-Artibain
Lekeitiotik abiatuko da zapatuan [martxoak 2] 10:00etan eta eskualdeko herriak igaroko ditu.
Palestinaren aldeko aldarria zabalduko dute Lea-Artibako herrietan. Palestinarekin Elkartasuna plataformarekin bat egiten duen Lekeitioko talde batek kotxe karabana antolatu du zapaturako [martxoak 2]. “Urriaren 7tik aurrera antolatzen hasi ginen talde bat gara, Palestinari elkartasuna adierazteko helburuz sortua”. Lekeition abiatuko da 10:00etan Mandaskatik eta Ondarroa, Markina-Xemein, Berriatua eta Aulesti igaroko ditu.
Elkarteak mobilizazio ezberdinak antolatu ditu, esaterako, abenduaren 30eko deialdia. “Ezin dugu palestinarren aurkako sarraskia normalizatu”. Horren aurrean, Palestinari elkartasuna adierazteko mobilizazio iraunkorrak mantentzea da taldearen helburua eta hiru lan ildo dituzte; palestinar herriari elkartasuna adieraztea, genozidioa gelditzea, palestinar erresistentziari babesa erakustea eta Euskal Herriko erakunde zein eragileek Israelekin, nahiz berarekin kolaboratzen duten enpresa eta erakundeekin, harremanak etetea.
Hortaz, mobilizazioez gain, zerbait ezberdina egitea pentsatu zuten eta eskualdeko kotxe karabana egitea proposatu zuten. “Hasiera batean kotxe karabana xumea egitea zen helburua, eta eskualdeko herriei jakinaraztea herrietatik igaroko ginela”. Eskualdeko herriek erantzun egin dute eta ekimenagaz bat egiteko asmoa erakutsi dute, esaterako, Markina-Xemeinen eta Ondarroan.
Ibilbidea (*karabanara batzeko lekuak)
- 10:00. Lekeitio, Mandasketatik*.
- Berritxu.
- 10:30. Gardotzan*.
- Ondarroa.
- 11:30. Suhiltzaileak*.
- Markina.
- Aulesti.
- 12:30. Arropain*.
- Lekeitio.