Lekeitio Lagunkoia taldeak Europako turismo teknikari talde baten bisita jaso du
Lekitto Bedarraren bitartez egindako aurrerapenak erakutsi dizkiete lekeitiarrek, ibilbide baten bitartez.
Lekeitioko Lagunkoia talde eragileak Finlandia, Hungaria, Polonia, Italia, Frantzia eta Espainiako 25 turismo teknikariren bisita jaso du asteburuan, Lekitto Bedarra programaren bitartez egindako aurrerapenak erakusteko.
Julian Arratek gidatuta Lekeitioko txakolinaren ibilbidearen zati bat egin zuten Pietatearen Kristo Santuaren ermitaraino. Ermitara iristearekin batera Lekitto Bedarrak Euskadi Lagunkoiaren esparruan aurrera eramandako jardunbide egokien azalpena jaso zuten turismo teknikariek. Esperientzia “ezin hobea” izan zen: “Lekeitio Lagunkoiako talde eragilea zoriondu zuten turismo teknikariek. Bixikeria gisa, Lekeitioko taldeari joan den otsailean udaletxean egindako ekitaldi hunkigarri batean emandako Lagunkoia saria izan zuten eskuetan”.
Bisita Interreg Europe programako Systour esparruaren barruan jaso zuten. Systourren helburua, hain zuzen ere, turismoaren joan-etorriak landa eremuetara eraman eta lurralde horietako berezitasuna nabarmentzea da. Horrekin batera, eremu bakoitzeko turismoan oreka lortzea da helburua, hiru alderdi nagusi erabiliz: mugikortasuna, konexio digitala eta esperientzia bereziak (aisialdi osasungarria, gastronomia…). Gainera, azpiegitura guztiak iraunkorrak izan behar dira eta naturguneetarako sarbidea erraztu behar dute.
Hori horrela, Systourrek zeregin garrantzitsua izan dezake lekuen erakargarritasuna eta ongizatea hobetzeko, ez bakarrik bisitatzeko helmuga gisa, baita bizitzeko, lan egiteko eta inbertitzeko ere; Interreg Europe programaren barruan ere garrantzitsua da hori Europako eskualdeentzat.