VI. Nesken Zesta-Punta Txapelketako finalak, asteburuan
Goiz eta arratsaldeko egitaraua edukiko dute zapatuan [martxoak 9], Mendibarren pilotalekuan.
Berriatuko VI. Nesken Zesta-Punta Txapelketa bere azkenengo fasera iritsiko da datorren asteburuan: zapatuan [martxoak 9], Mendibarren pilotalekuak finalak hartuko ditu. Antolakuntza lantaldeak egun osoko egitaraua atondu du zapaturako eta, horrenbestez, zesta-punta partiduak nagusi izango dira bai goizean, bai arratsaldean.
Goizez, 11:00ak eta 13:00ak bitartean, finalaurrekoen txanda izango da. Raquel-Lucile bikoteak Laura-Joane edukiko ditu aurrez aurre 11:00etan; Miren-Janisek, aldiz, June-Laia, 11:40an; Elaia-Maia bikoteak, berriz, Naroa-Romane, 12:20an; azkenik, goizeko egitaraua Erika-Olaia eta Oihana-Arai bikoteen arteko norgehiagokak zarratuko du, 13:00etan.
Arratsaldez, 15:30ak eta 20:00ak artean, finalak lehiatuko dituzte puntistek. Lehenengo eta bigarren mailako bi final egongo dira, eta horiekin batera hirugarren, laugarran eta bosgarren mailako final bana. Antolatzaileek pilotazale guztiei Mendibarren frontoira bertaratzeko deialdia luzatu diete.