Astelehenean hasiko dira Mutrikuko Merkatu plazako eraberritze lanak
Hilabeteko iraupena izatea aurreikusten da eta eragin zuzena izango dute zirkulazioan. Beheko Plaza eta Barrenkale itxita egongo dira apirilaren 11 arte.
Astelehenean [martxoak 11] hasiko dira Mutrikuko Merkatu plazaren eraberritze lanak eta eragin zuzena izango dute Erdiko kaleko nahiz Barrenkaleko zirkulazioan. Beheko Plazaren inpermeabilizazio lanak abiatuko dituzte eta hilabete inguruko iraupena izatea aurreikusten da. Hortaz, hilabetez gutxienez, Beheko plaza eta Barrenkale itxita egongo dira apirilaren 11 arte.
Udaletik zehaztu dutenez, Erdiko kalea Batzoki aurretik egongo da itxita eta bertaratzeko “ezinbesteko beharra” dutenek udaltzaingoarekin jarri beharko dute harremanetan. Barrenkalera sarrera, ostera, mugatua izango da San Agustinetik. “Banatzaileek karga eta deskargarako eremua izango dute Barrenkalen eta Azkiagara nahiz inguruko garajeetara joateko bakarrik baimenduko da sarrera“.
Merkatu plazaren eraberritze lanak Unibidek egingo ditu eta 875.963,85 euroko (BEZ gabe) kostua izango dute. Esleipen prozesuan bi proposamen jaso direla zehaztu dute eta Europako Next Generation dirulaguntza jaso duela gogorarazi dute, zehazki, 790.000 eurokoa.