Markina-Xemeingo Udalak herriko espazio publikoen inguruko hausnarketa egin nahi du herritarrekin
Hiru saiotan banatuta egingo dituzte hausnarketak: herritarren foroa, emakumeen mahaia eta gurasoen mahaia. Astelehenean [martxoak 11] egingo dituzte denak.
Markina-Xemeingo Udalak herriko kaleko espazioen inguruko hausnarketa egiteko prozesu parte hartzaile bat jarri du martxan. Horretarako, nola ez, herritarrei dei egin diete saioetan parte hartzeko; zaintza eta itzulpen zerbitzua eskainiko dituzte. Udalak azaldu duenez, partaidetzako espazio publikoen berrantolaketa egin gura dute, genero ikuspegia kontuan hartuz. Hiru gai ezberdinetan banatuta egingo dituzte saioak.
Astelehenean [martxoak 11] gurasoen mahaiagaz ekingo diete saioei. Hain zuzen ere, gurasoen mahaia lantzeko 16:15ean elkartuko dira Bekobenta Eskolako liburutegian, eta 16:35ean, berriz, BeraKruz Ikastolako Proiektu gelan.
18:00etan, aldiz, emakumeen mahaia egingo dute, eta 19:00etan herritarren foroa; biak Patrokua jauregian egingo dituzte. Herritarren fororako bigarren hitzordu bat ere jarri dute, martxoaren 18an, 19:00etan, Patrokuan.
Udalak azpimarratu du ez dituztela hirigintzan “adituak” direnak behar, Markina-Xemeinen bizitzen “arituak” baizik: “Beraz, herriko edozein auzotan bizi edota bertako kaleetan orduak ematen dituen bizilagun orori zuzenduta daude saioak, adina, jatorria eta bizi-baldintzak edozein direla ere. Zenbat eta parte hartze zabalagoa eta anitzagoa, orduan eta mapaketa aberatsagoa”.