Oporrak Bakean programari buruzko bilera irekia egingo dute Ondarroan
Martxoaren 18an bilera irekia antolatu dute Ondarroan. Apirilaren 15a izango da programan izena emateko azkenengo eguna.
Martxan da udan ume sahararrak etxean hartzeko helburua duen Oporrak Bakean ekimena, eta Ondarroako Yaalah Elkarteak Ondarroako Udalagaz batera bilera informatiboa zehaztu du martxoaren 18an.
Urtero izaten da harrera herria Ondarroa, hainbat familiak parte hartzen baitute programan. Hortaz, aurreko urteetan harrera familiak izan direnen esperientziak ezagutzeko eta elkarbanatzeko mahai ingurua astelehenean [martxoak 18] izango da, 18:30ean, Kofradia Zaharrean. Horrez gain, informazio gehiago nahi dutenentzat harremanetarako bideak zehaztu dituzte: 628 98 68 39 telefonoa eta yaalahelkartea@gmail.com posta elektronikoa. “Interesa duten familiekin bakarkako bilerak egingo dira informazioa partekatu eta beharrezkoak diren tramitazioei hasiera emateko”.
Programaren helburua saharar errefuxiatuen kanpamenduetan bizi diren umeak Euskal Herrira ekartzea da, uda igarotzeko. “Oporrak bakean, saharar errefuxiatuen kanpamenduetako umeak bi hilabetez gurera ekartzeko programa da. Tenperatura altuak ekidin, elikadura hobetu, kultura trukatu…”. Programagaz bat egin nahi duten familiek apirilaren 15a izango dute izen emateko azkenengo eguna.