Sagarmendi eta Arakistain, Master Cupeko finalean
Kanporaketa faseko hiru partidak irabazi eta finalerdietan maila paregabea erakutsi ostean, finalerako txartela lortu du bikote gipuzkoarrak.
Pilota Egokituaren Master Cup Sari Nagusiko kanporaketa hartu zuen Donostiako Atano III.a pilotalekuak eta Eneko Sagarmendi mutrikuarrak Zarautzen jokatuko den finalerako txartela lortu du, Jurdan Arakistain zestoarrarekin bikotea osatuz. Pozik agertu da mutrikuarra txapelketan erakutsi duen lehiakortasun mailarekin: “Asko gozatu ditut partida guztiak eta tanto oso onak egin ditut, maila ona erakutsi dut. Pozik nago finalerako txartela lortu dugulako”.
Hogei kanporaketa jokatu ziren goizean, parte hartze mailaren gorakadaren erakusle ukaezina. Sagarmendi eta Arakistainek sailkapen fasean hiru partida jokatu eta hirurak irabazi zituzten. Lehenengo partida Sheila Cueto errenteriarraren eta Haritz Lertxundi zarauztarraren aurkakoa izan zen, eta nagusitasun osoz agindu zuten partidan, 10-1eko emaitza lortuaz. Bigarren partida, ostera, Iraitz Huegun donostiarra eta Iñaki Divasson zarauztarraren aurkako partida lehiatuagoa izan zen, baina azkenean 10-8ko markagailua poltsikoratu zuten. Sailkapen faseko azkenengo partidan, ostera, Ibai Gomez errenteriarra eta Xabier Villar zarauztarra izan zituzten aurrez aurre; 10-5 irabazi zuten.
Sailkapen fasean maila paregabea erakutsita, finalerdietarako txartela lortu zuen bikoteak. Leire Esnal eta Luis Zulaika zumaiarrek osatutako bikotearekin norgehiagokari heldu zioten, eta sendo agertu zen bikotea. Tanto ederrak egin zituen mutrikuarrak, eta baita bere bikoteak ere. Horrela, 12-4 irabaztea lortu zuten.
Txartela eskuan edukita, final handian ezarri du begirada Sagarmendik. Martxoaren 31n Iñaki Divasson eta Iraitz Huegun edukiko dituzte aurrez aurre final handian; 12:00etan izango da eta ETB1en zuzenean jarraitzeko aukera egongo da.