Artearekiko pasioaren isla
Jesus E. Burgoaren lanak biltzen dituen erakusketa ikusgai dago Kondestablean martxoaren 17ra bitartean. Bakarka egindako erakusketetako lanak biltzen ditu, estreinakoz ikusgai dagoen Arrokak sailagaz.
Artearekiko pasioa bizitzako lait motiv gisa ulertuta, itsasoa eta bodegoiaren generoa ardatz hartu eta bere egin zituen Burgoak. Bokaziozko artistaren sormenean barrena bidaiatzeko aukera galdu nahi ez dutenentzat, Iruñeko Kondestablean ikusgai dagoen erakusketa aukera paregabea da; domekara bitartean ikusi ahalko da.
Jesus E. Burgoak bakarka egindako erakusketetako lanak erakusteaz gain, argitaratu gabeko Arrokak saila estreinakoz ikusteko aukera eskaintzen du espazioak. 80ko hamarkadatik 2013. urtera arte erakutsitako Hastapenak, Kontrageometria, Igarotze errituak, 570 kutxa, Bidalketen biltegia, Arropa eta edukiontziak eta Produktuak lan bildumak ikusteko aukera dago.
Burgoaren artearen bilakaeran eragin inpresionistak, espresionistak eta kubistak hautematen dira. Artearekiko eta itsasoarekiko grinaren erakusgarri ukaezin den ibilbide osoko lanari, azken altxorra gehitu zaio: Arrokak saila. “Bokaziozko egile baten bilakaera eta sormenarekin eta bere marrazkien konposizioaren, kolorearen eta trazuaren azterketarekin duen konpromisoa egiaztatzen duena”.
Argitara atera berri duten lana bidaia intimo bat da, “begirada introspektibo eta soil bilakatzen dena”, Ondarroa bidaia horretako aterpe bilakatzen delarik. Kantauri itsasoko arrokak jolasleku apropos bilakatuz. “Koadroak aberasten dituzten baliabide material gehienak kentzen ditu, eta konposizioa antolatzeko erabiltzen dituen kontraste eta soiltasun goreneko bi koloreak erabiltzen ditu, zuria eta beltza”.
Burgoa arkitekto, margolari eta artistaren erakusketa Kondestable jauregian dago ikusgai; 09:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 21:00etara.