Eskualdeko kirolariak dominaz beteta itzuli dira Bizkaiko neguko jaurtiketa luzeen txapelketatik
Mailu, disko eta xabalina jaurtiketak egin dituzte. Besteak beste, Tximista Atletismoko eta Durango Kirol Taldeko kirolariek parte hartu dute.
Eskualdeko kirolarien ordezkaritzarik ez zen falta izan zapatuan [martxoak 9] Durangoko Landako kiroldegian. Hain zuzen ere, goiz eta arratsalde, Bizkaiko neguko jaurtiketa luzeen txapelketa jokatu zen. Kirolakiak mailu, disko eta xabalina jaurtiketetan aritu ziren.
Bertan izan ziren Lekeitioko Tximista Atletismo taldeko hainbat kide eta Durango Kirol Taldeko eskualdeko kirolariak. Emakumezkoen mailu jaurtiketagaz hasi zuten eguna. Hiru kiloko mailu jaurtiketan Tximistako Maider Ibaibarriagak brontzezko domina lortu zuen, 26,25 metroko markagaz. Lau kilokoan, berriz, talde bereko Amets Amutxastegi (38,69 metro) eta Nicole Cuenca (30,17 metro) laugarren eta bosgarren postuak lortuta itzuli ziren etxera.
Jarraian gizonezkoen mailu jaurtiketa jokatu zuten: bost kilo jaurtiketan Tximistako Eritz Murelaga nagusitu zen, 33,01 metroko marka egin ostean. Sei kiloko jaurtiketan, aldiz, talde bereko Mikel Odiagak podiumeko hirugarren postua lortu zuen, 25,18 metroko markagaz.
Goizagaz amaitzeko, disko jaurtiketei ekin zieten. Emakumezkoen txanda izan zen lehenengo, eta kilo bateko disko jaurtiketan Durango Kirol Taldeko Sarai Larrinaga Lejardi etxebarritarrak zilarrezko domina lortu zuen, 38,85 metroko markagaz. Talde bereko Sara Asenjo aulestiarrak berriz, laugarren postua eskuratu zuen, 29,43 metroko marka eginaz. 800 gramoko jaurtiketan, berriz, Tximistako June Bengoetxeak parte hartu zuen, eta 11,89 metroko marka egin zuen.
Gizonezkoen disko jaurtiketan ere parte hartu zuen Murelagak, 1,5 kiloko jaurtiketan, eta hirugarren postua eskuratu zuen, 24,89 metroko markagaz. 2 kiloko jaurtiketan, berriz, Durango Kirol Taldeko eta Tximistako entrenatzailea den Aiert Azkarate ondarrutarrak zilarrezko domina lortu zuen, 32,15 metro eginaz.
Arratsaldean amaitu zituzten probak kirolariek, eta 600 gramoko xabalina jaurtiketan parte hartu zuen Nora Agirrek, 24,92 metroko marka eginaz.