Euskararen egoerari buruzko hitzaldia egongo da Lekeition eta Markina-Xemeinen
Lekeition bihar [martxoak 14] 18:30ean izango da, eta Markina-Xemeinen barikuan [martxoak 15], 19:00etan.
Iñaki Iurrebasoren Euskararen egoera gaur. Zer diote adituek? hitzaldia egongo da Lekeition eta Markina-Xemeinen, bihar [martxoak 14] eta etzi [martxoak 15], hurrenez hurren. Lekeition 18:30ean elkartuko dira kultur etxeko Azkue aretoan, eta Markina-Xemeinen, berriz, 19:00etan udaletxeko osoko bilkura aretoan.
Herri bakoitzeko udalak eta Uemak elkarlanean antolatu dute hitzaldi saioa. Iurrebasok 2023ko otsailean aurkeztutako doktore-tesia du oinarritzat hitzaldiak. Lanean euskararen benetako egoera zein den jakiteko eta diagnosti zehatzagoa egin ahal izateko hainbat gako argitaratu zituen. Hitzaldian hainbat gai landuko dituzte, besteak beste, euskarak duen ezagutza mailarako asko edo gutxi erabiltzen den eta aurrera ala atzera doan euskararen indarberritze prozesua.
Antolatzaileek azpimarratu dute “oso garrantzitsua” dela ikerketaren berri zabaltzea herritarren artean, batez ere Markina-Xemein, Lekeitio eta Lea-Artibai bezalako arnasguneetan bizi den jendearentzat: “Bertan goxo bizi gara, baina, errealitateak ematen dituen datuak ez dira hain goxoak”.