Ondarroako Naberan herri krosean parte hartzeko deia egin dute
Izena emateko aukera zabalik egongo da barikura [martxoak 15] arte . Kirola sustatzeko asmoz sortutako kirol ekimenak Jose Mari Naberani omenaldia eskaintzen dio. Aurtengo bilketa Txirrimorraski ODTri bideratuko zaio.
Domekan [martxoak 17] egingo den Ondarroako Jose Mari Naberan herri krosean izena emateko epea zabalik dago barikura [martxoak 15] arte eta parte hartzeko deia egin dute Zubi Zahar Herri Ikastolatik.
Izaera herrikoia duen lasterketa izanik, kirola bultzatzeko helburua duen ekimenerako gonbidapenak luzatu dute antolakuntzatik: “Denborak albo batera utzi eta jendeari parte hartzeko deia egin nahi diogu, lehiakortasuna ez da lasterketaren lan ildoa. Haur, gazte zein nagusi herrian korrika eginez, kirola sustatu eta giro onean parte hartzeko aukera da”.
Jose Mari Naberan ikastolan kirola sustatu zuen ardatza izan zen eta berari omenaldia egiteko sortu zen herri lasterketa bosgarren aldiz antolatu du Zubi Zahar Herri Ikastolak; Ikastolaren 50. urteurrenaren harira antolatu zuten lehendabizikoa.
Aurten gainera, lasterketa txikietan jasotako dirua Txirrimorraski ODTri bideratuko zaio, hortaz, domeka kolorez jantzi eta jai giroan gozatzeko aukera paregabea izango da. Txirrimorraskikoek haurrekin batera parte hartuko dute eta kolorez jantziko dute Itsasaurre ingurua.