Gazte abesbatzen kontzertua egongo da domekan Lekeition
Lekeitioko Kantakai Koralak eta Bilboko Akelarre Abesbatzak Andra Mariaren Zeruratzea basilikan eskainiko dute kontzertua, 18:00etatik aurrera. Sarrera doan izango da.
Gelditzeko astirik gabe, aurrera doaz Lekeitioko Musikaia musika eskolaren 10. urteurreneko ospakizunak. Hurrengo hitzordua, hain zuzen ere, domekan jarri dute. Oraingoan, bi gazte abesbatza elkartuko dituzte Andra Mariaren Zeruratzea basilikan. 18:00etatik aurrera Lekeitioko Kantakai Koralak eta Bilboko Akelarre Abesbatzak hartuko dute Lekeitioko basilika. Bi abesbatzak entzuteko sarrera gainera, doan izango da.
Abesbatzen kontzertuaz gain, hileroko kontzertu sorten ekintzetako bat ere egingo dute gaur. Hain zuzen ere, 19:00etatik aurrera musika eskolako 0.1 areto nagusian zeharkako txirulako ikasleek kontzertua eskainiko dute.
Musikaia eguna, hurbil. Domekakoaren ostean, apirilaren 27a ondo gorde beharreko data izango da lekeitiarrentzat. Izan ere, Musikaiakoek aurreratu dutenez, egun horretan izango da aurtengo Musikaia eguna. Gainera, hamargarrena izango denez, ohiko formatuari jarraituz herriko partaide ezberdinak elkartuko dituzte. Egitarau osatua argitara aurrerago aterako duten arren, aurreratu dute «urteko ekintzarik garrantzitsuena» izango dela.