Mutriku eta Deba arteko errepidea konpontzeko diru saila bideratu du Aldundiak
Obrak zenbait astez luzatuko direla jakinarazi dute Gipuzkoako Foru Aldunditik. Informazio kanal bat prestatu dute errepidearen gorabeheren berri emateko.
Mutriku eta Deba lotzen dituen GI-638 errepidean larrialdi lanak aktibatu ditu Gipuzkoako Foru Aldundiak, eta martitzenean [martxoak 12] egindako bilkuran onartu zuten denboraleek eragindako kalteei aurre egiteko premiazko jarduketa, kalteak dituzten gunei “berehala” erantzuteko. Mutriku eta Deba arteko errepideaz gain, Zarautz eta Getaria batzen dituen N-634 eta Hondarribiko GI-3361 errepideak konpontzeko ere izango da onartutako diru saila.
2.045.000 euroko zenbatekoa bideratzea onartu zutela jakitera eman du Irune Berasaluze foru bozeramaileak. Mutrikuri eragiten dion eremuan 10 metroko zabalera eta hainbat metroko sakonera duen zuloa konpontzeko lanekin hasita daude; errepidearen behealdean dagoen euste horma kaltetuta dago eta egonkortzea izango da lanen lehenengo helburua, ostean, itxita dagoen pasealekua egokituko dute. Lanak zenbait astez luzatuko direla baieztatu dute eta trafiko mozketek jarraituko dutela. Gainera, ibilgailu astunek debekatuta dute bertatik pasatzea.
Azken urteetan kostaldeko horma indartzeko beharra sumatu dutela gehitu zuen. “Eguraldia egonkorragoa denean, kostaldea zehatz-mehatz ikuskatuko da, kostaldeko horma mantentzeko eta indartzeko jarduketak areagotzeko, azken urteetan premia hori antzeman baita”. Informazio kanal bat prestatu dute errepidearen gorabeheren berri emateko: Telegram aplikazioan N-634 KOSTA izenarekin.