Zesta-punta jaialdia egongo da domekan Markina-Xemeinen
Markina BHIko 4. DBHko ikasleek antolatu dute jaialdia. Eskolako eta inguruko puntistez gain, profesionalen partida ere egongo da, 11:30etik aurrera, Uni frontoian.
Markina BHIko 4. DBHko ikasleek goi-goitik amaituko dute euren azken urtea. Ohitura den bezala, kulturarekin eta kirolarekin lotutako bidaia egingo dute markina-xemeindarrek, eta bidaiarako dirua lortzeko zesta-punta jaialdia antolatu dute. Domekan [martxoak 17] 11:30ean jarri dute hitzordua, Markina-Xemeingo Uni Frontoian.
Markina-Xemeinen eta inguruan zesta-puntak duen garrantziaz jabetuta, eskolako eta inguruetako puntistak elkartuko dituzte domekan. Hala, Markina-Xemeingo Zesta Eskolarekin hitz egin, eta baiezkoa lortuta, 11:30ean lehenengo mailakoen sei bikotek emango diote hasiera jaialdiari. Jarraian, bigarren mailako beste sei bikoteren partidak ikusi ahal izango dira, maila apur bat handituz.
Amaitzeko, profesionalen partida ere egongo da: Alex eta Ibarluzea ariko dira Javierren eta Salegiren aurka. Hori gutxi ez, eta bestelako ekintzak ere egongo dira egun guztian: “Laugarren mailakoak egongo dira dena antolatzen. Musika jartzen, partidak dinamizatzen… denetarik egingo dute. Amaitzeko, eskerrak ematearekin batera, aurresku bat egitea ere badaukagu burua, ea aurrera doan”.
Gainera, jan-edana ere ez da faltako, taberna ere irekita egongo da eta. Egunagaz amaitzeko, bertoko produktuen otzara bat zozketatuko dute; zozketarako txartelak domekan salduko dituzte. Jaialdirako sarrerak ere egunean bertan salduko dituzte, 11:00etatik aurrera, frontoiko takillan; 5 euroren truke 5 urtetik 18ra, eta 8 euroren truke 18 urtetik gorakoentzat.