Korrika Txikiak girotu du Ondarroa
Atzo [martxoak 15] herriko kaleak hartu zituzten txikienek, euskararen aldeko aldarria zabalduz.
Harro Herri lelopean abian da 23. Korrika. Euskaldun herriaren harrotasuna aldarrikatuko duen lasterketa eskualdera ailegatuko da eguaztenean [martxoak 20] eta herriak girotzen hasiak daude Korrikari etorrera egiteko. Ondarroan, txikienek hartu zituzten kaleak atzo [martxoak 15].
17:00etan Kamiñazpitik abiatuta herriko txikiek euskararen aldeko aldarria zabaldu zuten. Zubi Zahar Herri Ikastola, Aurrera Kirol Elkartea, Zaldupe eskola, Ondarroa Arraun Elkartea, Unanue Musika Eskola, Artelan eta Bixikaneko txikienek lekukoak eskuz esku igaroaz, Musika Plazarako ibilbidea osatu zuten, familia eta lagunen babesagaz, eta herritarren txalo artean.
Musika Plazan borobildu zuten ekitaldia, danek batera abestu eta Korrika handiari ongietorria egiteko behar bezalako giroa ipinita.