Antibiotikoak hizpide, Zientziaren Giltzaken hitzaldian
Lide Arana Urbieta Biokimika eta Biologia Molekularrean lizentziadunak eskainiko du saioa gaur [martxoak 18], 18:30ean, Kofradia Zaharrean.
Ondarroako Zientziaren Giltzak Elkartearen martxoko hitzordua izango da gaur [martxoak 18]. Antibiotikoak zer diren, nola funtzionatzen duten eta zergatik diren mugatuak ulertzea hitzaldiaren helburuetako batzuk izango dira. “Gaur egun antibiotikoen erabilera arrunta eta hedatua den arren, ez dugu ahaztu behar baliabide mugatu bat direla eta, ondorioz, neurriz eta modu egokian erabili behar ditugula”, gehitu du Lide Arana zientzialariak.
Arana antibiotikoen aurkikuntzaz, antibiotikoek bete beharreko ezaugarriez eta funtzionamenduaz aritzeaz gain antibiotikoekiko erresistentziez ere arituko da 18:30ean abiatuko den saioan. “Erresistentzia horiek nondik datozen eta nola heda daitezkeen jorratuko dugu arazo horren dimentsioaz ohartzeko. Izan ere, antibiotikoen aurkako erresistentziek gaur egun infekzioak tratatzeko ditugun terapien eraginkortasunaren galera ekar dezakete”.