"Itzela" izan da Lekeitioko gazte abesbatzen kontzertua
Lekeitioko Kantakai Koralak eta Bilboko Akelarre Abesbatzak abestu zuten atzo [martxoak 17] Andra Mariaren Zeruratzea basilikan. Bi abesbatzek "maila zoragarria" erakutsi zuten.
Atzo [martxoak 17] abesbatza gazteen ahotsek bete zuten Lekeitioko Andra Mariaren Zeruratzea basilika. Hain zuzen ere, Musikaia musika eskolaren 10. urteurrena ospatzeko beste ekintza bat izan zen atzokoa: Lekeitioko Kantakai Koraleko kideak aritu ziren Oihana Etxaberen gidaritzapean, eta Bilboko Akelarre Abesbatzakoak, berriz, Xabi Mendezen gidaritzapean.
Kontzertu “itzela” izan zela nabarmendu dute antolatzaileek: “Eliza jendez bete zen kontzertua entzuteko, eta bi abesbatzek maila zoragarria erakutsi zuten”. Amaieran, gainera, kantu afrikar bat eskaini zuten bi abesbatzek elkarekin: “Ikusleak zutik jarri ziren, txaloka! Emaitza oso polita izan da. Domeka bati kolorea ematea zen asmoa, eta uste baino jende gehiago etorri da ikustera”.