Nogalesek eta Etxebarriak irabazi dute Ondarroako V. Naberan Herri Krosa
198 pertsonak parte hartu dute Ondarroako Zubi Zahar herri ikastolak antolatutako krosean; eguraldia lagun, pozik agertu dira antolatzaileak izandako erantzunagaz.
Jose Mari Naberanen omenezko herri krosak hartu zituen atzo [martxoak 17] Ondarroako kaleak. Zubi Zahar Herri Ikastolak bosgarrenez antolatzen duen lasterketan 198 partaide egon ziren: 95 lasterketa handian, 42 ertainean eta 61 txikian.
Eguraldi lagun, 11:00etan atera ziren ibilbide luzeko 95 parte hartzaileak Itsasaurretik, ohi legez herrian bi buelta eman eta 7,2 kilometroko ibilbidea osatu zuten. Helmugara heltzen lehenengo korrikalaria, iazko irabazlea izan zen, nagusitasunez berretsi zuen txapela Julen Etxebarria ondarrutarrak 23 minutu 31 segundoko denboran ibilbidea osatuta. Podiuma hiru ondarrutarrek osatu zuten; Iker Ormaetxea (24:02) eta Ibon Badiola (25:38) izan baitziren hurrengoak helmugara ailegatzen.
Emakumezkoen artean lehenengo korrikalaria ere iazko txapelduna izan zen, Idoia Nogales debarrak 27 minutu eta 51 segundoan osatu zuen ibilbidea. Bigarrena helmugaratzen Ioana Osa ondarrutarra izan zen (29:33). Podiumera igotzen hirugarrena, ostera, Idurre Larrañaga ondarrutarra izan zen, 30 minutu eta 15 segundotan ibilbidea osatuta.
Nagusien ibilbidea osatuta, gogotsu zeuden txikienen txanda ailegatu zen. Guraso, familia eta lagunen txalo artean girotuta osatu zuten ibilbidea, Txirrimorraskiko kideen jai giroa apartagaz. Giro paregabeaz gozatu zuten goizaz korrikalariek zein animatzera hurbildu ziren herritarrek.
Antolatzaileek eskerrak eman nahi izan dizkiete lasterketa posible egiten duten babesleei: Guenaga kontserbak, Kautenik, Matithor, Naberan Sareak, Agirreoa kontserbak, Ondarroa Arraun Elkartea, Kurike, Hitza eta Ondarroako Udala.