'Ztandap' binakako bakarrizketa eskainiko dute Etxelilan
Mirari Martiarena eta Idoia Torregaraik eskainiko dute Etxelilak hartuko duen umorezko ikuskizuna, eguenean [martxoak 21] 19:00etan.
Sei urte daramatzate Mirari Martiarenak eta Idoia Torregaraik binakako bakarrizketa formatuan oholtzara igotzen, ZtandaP da bikotearen azkenengo ikuskizuna eta Ondarroara ailegatuko da eguenean [martxoak 21].
Ondarroako eragile feministek, udalagaz batera martxoaren 8a oinarri egitarau osatua antolatu zuten, eta zehazki, ZtandaP ikuskizuna egitarauaren baitan dagoen hitzordua da. Generoa hartuko dute umoregai eta eguneroko gaiak landuko dituzte, “orgasmo arrakala, maitasun erromantikoa, señorak eta elkarbizitza hizpide izanik”. Bikotearen esanetan herri eta elkargune txikietara moldatzeko aukera ematen duen formatua lantzen dute eta hain zuzen ere, Etxelilan egingo dute ikuskizuna 19:00etan.