Lekeitioko emakume sortzaile eta ekintzaileen VII. azoka "oso ondo" joan da
Hamabi emakumeren proiektu desberdinak egon dira ikusgai Lekeition. Antolatzaileek balorazio "oso positiboa" egin dute.
Domekan [martxoak 17] emakume sortzaile eta ekintzaileek hartu zituzten Lekeitioko kaleak. Izan ere, emakume sortzaile eta ekintzaileen VII. azoka egin zuten. Guztira hamabi parte hartzailegaz, antolatzaileak pozik geratu dira azokak beste behin ere eduki duen erantzunagaz: “Eguna oso ondo joan zen, eguraldi polita egon zen eta giroa ere bai”.
Salmenta aldetik berriz, gehienak pozik joan zirela esan dute. Gaineratu dutenez, herriko eskola desberdinek ere parte hartu zuten ekimenean: “Martxoaren 8aren harira egindako dekorazioak elkarbanatu zituzten gurekin, plazan jarriz”.
Helburua emakume sortzaileei espazioa ematea izanik, balorazio oso positiboa egin du Lekeitioko parekidetasun batzordeak: “Orokorrean emakumeen proiektuak plazaratzea da helburua, espazio publikoa eman eta hori okupatzea. Hori horrela, balorazio positiboa egin dugu. Asko gustatzen zaigu azoka hau egitea, eta hurrengo urteetan ere egiten jarraituko dugu”.