Eskualdean dago 23. Korrika
Gaur [martxoak 20] 14:00etan ailegatu da Mutrikura Korrika, eta eskualdean barneraturik, herriz herri igarotzeko prest dago.
Ailegatu da egun handia, ailegatu da une hunkigarria. 23. Korrika Mutrikutik sartu da eta eskualdeko herriak igarotzeko prest dago. Euskararen aldeko aldarriak hartuko ditu kale, bide eta errepideak. Herritarrek ez dute hutsik egin, eta ez dute egingo. Prest baitaude Korrikari ekiteko.
Mutrikuko kaleak aldarriz josi dituzte eta autoarekin Erdiko Kaletik sartuta, korrikalariz jantzi dira kaleak, txalo artean hartu dituztelarik herritarrek. Markina-Xeminen ere emozioz beteta egin diete harrera 23. Korrikari. Ume, gazte eta helduek lekukoaren atzetik korrika eginaz herria zeharkatu dute; Zelai ingurua goraino beteta gurutzatu du herrigunea Korrikaren furgonetak. Hori gutxi ez, eta ostean indarrak hartzeko pintxoez gain, txokolate beroa banatu dute Markina-Xemeingo AEK-ko kideek. Gainera, Etxebarria aita-semeak trikitilariak ere bertan izan dira, eta giro ezin hobea ipini dute herritarren artean.