Lekeitioko aparkaleku sistema berria aurkeztuko dute barikuan
Aurkezpena 18:30ean egingo dute, kultur etxeko Azkue aretoan.
Lekeitioko Udalak aparkaleku sistema berria jarriko du martxan aurtengo udan, eta proiektuaren nondik norakoak azaltzeko aurkezpena egingo dute barikuan [martxoak 22], 18:30ean, Lekeitioko kultur etxeko Azkue aretoan. Sistema berria “hobeto bizitzeko pauso bat gehiago” dela adierazi du udalak.
Hain zuzen ere, sistema berria egiterako orduan kontuan hartu du udalak udan aparkalekua aurkitzea “oso zaila” bihurtu dela, “batez ere herritarrentzat”. Arazo horri konponbidea emateko aparkaleku sistema berrantolatuko dute, hiru ardatz oinarritzat hartuz: herritarrak, komertzioak eta bisitariak eta udaldian Lekeition egoten diren bizilagunak. Sistema azaltzeaz gain, hartutako erabakiak nondik datozen ere azalduko ditu udalak, helburuak zeintzuk diren azaltzeagaz batera.
Deia, herritarrei. Joan den astean elkartu ziren udaleko ordezkariak herriko komertzioen jabe eta ostalariekin, sistemaren nondik norakoak azaltzeko. Ostean, Lea-Ibarreko alkateekin ere bildu ziren, azalpenak eman eta herri bakoitzak bere herri batzarra antolatu dezan. Hori horrela, barikuko batzarra herritarrei begirakoa den arren, interesa duen edonori batzarrera joateko deia luzatu diete udaleko ordezkariek.