VII. Dzanga kayak surf eta waveski topaketa eta txapelketa hartuko ditu Karraspiok
Domekan [martxoak 24] 30 parte hartzaile baino gehiagoren harteko lehia ikusteko aukera egongo da, Euskadiko Kopako bigarren proban.
Mendexako Karraspio hondartzak VII. Dzanga kayak surf eta waveski topaketa eta txapelketa hartuko ditu domekan [martxoak 24]. Dzanga Lekeitioko Piragua Elkarteak Mendexako eta Lekeitioko Udalekin elkarlanean antolatu du ekimena, eta txapelketa Euskadiko Kopako bigarren proba izango da; lehenengoa Getxon izan zen.
10:30eatik 11:00etara bitartean emango diote hasiera egunari eta 18:00ak arte luzatzea aurreikusten da. “Itsaso dezente emanda dago, eta nik uste dut tamaina politeko olatuak egongo direla”, aurreratu dute antolatzaileek. 30-35 parte hartzaile inguru hartuko ditu Karraspiok, tartean Dzangan piragua taldeko kideak arituko dira. “Gipuzkoa eta Bizkaiko klubek parte hartzen dute gehienbat, baina Iparraldetik ere baten bat etorriko da, opena delako, zabalik dago edonorentzat eta denak dira ongi etorriak”.
Gainera, maiatzean Euskal Selekzioa Argentinara joango da lehiatzera, eta antolatzaileen esanetan, “Lekeitioko proba prestakuntza moduan oso ondo dator”. Ikuskizun ederragaz gozatzeko aukera egongo da domekan, eta hurbildu ezin dutenek ere jarraitzeko aukera izango dute zuzenean.
Itsasoa errespetatuz antolatu izan dute topaketak, eta aurreko urteko balorazio positiboa eskuan izanik, aurten ere horrela joatea espero dute. “Eguraldia hor dago ez dakigula euria egingo duen edo ez, baina nik uste dut egun polita aterako dela. Normalean zortea izaten dugu Karraspion eguraldiarekin”.
Mendexako Udalari eskerrak eman nahi izan dizkiote topaketa posible egiteagatik. “Mendexako Udalak ematen dizkigu baimenak, hortaz, eskerrak eman nahi diogu. Aurreko urteetan hemen egin dugun txapelketa polita atera izan da, partaidetza nahikotxo egoten da eta ondo atera izan da dena”.