Zuzeneko autobus zerbitzua areagotzeko eskaera aldundira bideratuko du Ondarroako Udalak
Alamedako Pentsionistek aurkeztutako mozioa onartu da EH Bilduren eta EAJren aldeko botoekin.
Alamedako Pentsionistek aurkeztutako mozioa aho batez onartu zen eguazteneko [martxoak 20] osoko bilkuran. Ondarroa eta Bilbo arteko zuzeneko autobus zerbitzua areagotzea eskatzen zuen mozioa, 3.141 sinaduraren babesagaz aurkeztu zuten eta EH Bilduren eta EAJren aldeko botoekin onartu zen.
Garraio publikoaren sareak eskualdean dituen gabeziak kontuan hartuz, alderdiek zuzeneko zerbitzuaren garrantzia azpimarratu zuten, “nahi hau lortzeko bidean lagun izateko konpromisoa hartuz”. Eskaera Bizkaiko Foru Aldundiari bideratzeko orduan sinadura bilketak duen indarra balioan jarri zuen Urtza Alkorta Arrizabalaga alkateak, eskaeraren nahia udal taldeena izateaz gain, “herritarren gehiengoarena” dela erakusten duelako.
Eskualdeko alkateen foruko ordezkaritza bat Bizkaiko Foru Aldundiko garraioa, mugikortasuna eta turismoa sustatzeko saileko Sonia Perez Ezquerra foru diputatuarekin batuko da datorren astean, eta gaia bertan mahai gaineratuko dela zehaztu dute. Alamedako Pentsionistek eskerrak eman zizkieten bi udal taldeei.