Apirilaren 6an ospatuko da mutrikuarren 27. Berdel Eguna
Ilarko Taldeari eman diote aurtengo Berdel Aipamena. Hainbat hitzordu zehaztu dituzten egun handia baino lehenago.
Herri izaera duen jaia da apirilaren 6an egingo den 27. Berdel Eguna, eta herritarren jaia girotzen hasteko asmoz, Berdel aipamenarekin ekimenak abiatu eta jai egunera bitartean hainbat hitzordu zehaztu dituzte.
Udaletik berdelaren kanpaina erdigunean ipini eta berdela jendeak ezagutzea helburu ipinita, urte hasieratik lanean dabiltzala azaldu dute, egun berezia behar bezala antolatzeko. “Berdelaren kanpaina oso garrantzitsua izan da herriko arrantza sektorearentzako eta, oraindik ere, hala da Mutrikun geratzen diren arrantza ontzientzako, zein salerosketan aritzen direnentzako. Ekimen hau antolatzeko, eskualdeko hainbat eragilerekin elkarlanean gabiltza urte hasieratik beste urte batzuetako oihartzun berbera izan dezan eta, batez ere, jendeak berdela ezagutu eta zenbat era ezberdinetara sukaldatu daitekeen jakiteko”. Udalak herriko elkarte, jatetxe, taberna eta herritarren inplikazioa balioan jarri du, antolaketarako eta ekimena aurrera eramateko beharrezkoak direlako.
Barikuan [martxoak 22] urteroko Berdel Aipamenarekin abiatu zituzten Berdel Eguna girotzen joateko ekimenak, eta aurten ibilbide oso bati omenaldia egin dio Ilarko Taldeari eman dioten Berdel Aipamenak. “Debabarrena inguruan ezkontzetako, zein jai ezberdienetako soinu banda bihurtzea lortu zuten 1960an sortu zenetik 2002an Txurruka Plazan agur kontzertu batekin erretiratzea erabaki zuten arte”.
EGITARAUA
Apirilak 4
- 19:00. Berdel eta txakoli ezkontza, Arkupe Gain Elkartean.
- 19:00. Berdel pintxo potea, herriko taberna batzuetan.
Apirilak 5
- 19:00. Pintxo potea, herriko tabernetan.
- 19:00. Euskal Herriko Elitxe Txapelketa, Miruaitzen.
Apirilak 6, Berdel Eguna
- 10:30-14:30. Izan arrantzale, haurrentzako arrantza tailerrak, Kofradia Zaharreko arkupean.
- 10:30. Mutrikuko XVI. Belauntzien arteko txapelketa.
- 11:00-15:00. Merkatu txikia: Mutrikuko eta eskualdeko ekoizleekin eta artisau eta sortzaileen azoka, portuan.
- 12.00. Herriko abesbatzen kontzertua, Zabiel Plazan.
- 13:00. Berdel pintxo dastaketa herrikoia, portuan.
- 13:00. Trikitilariak, herriko kaleetan.
- 19:00. Kontzertuak: Casus Belli eta Los zopilotes txirriaos, portuan.
- 22:00. V. Berdel txapelketaren finala, Miruaitzen.