Auzolanean antolatutako aisialdi eskaintza egongo da udaberrian Lekeition
Frontoia eta Eskolapeko aretoa zabalduko dituzte, egun bakoitzerako arduradunak baldin badaude. Horrez gain, ipuin kontalaria eta zirku tailerra ere egongo dira.
Auzolana oinarritzat hartuz, Lekeitioko Udalaren eta herritarren artean ume eta gaztetxoentzako udaberriko aisialdi eskaintza eskainiko dute martxoan, apirilean eta maiatzean. Horretarako, ezinbestekoa izango da herritarren laguntza. Izan ere, beste hainbat ekintzaz gain, frontoia eta Eskolapeko aretoa zabalduko dituzte 17:00etatik 19:00etara, beti ere, txanda egin ahal izateko arduradunak badaude.
Hori horrela, txandak betetzeko taula bat zabaldu dute herritarren artean, ahal duenak bere izena jarri dezan frontoia ireki daitekeen egunetako batean. Gaur gaurkoz, martxoko txandak beteta daude; apirilaren 3an, 4a, 5ean eta 27an arduradunak falta dira; eta maiatzeko lau egunak betetzeko daude (maiatzak 4, 11, 18 eta 25). “Egunen bat arduradunik barik geratzen bada, ez da frontoia zabalduko. Anima zaitez, auzolanean dena da hobeto!”.
Frontoia eta Eskolape aretoa auzolanean zabaltzeaz gain, bestelako ekintza batzuk ere antolatu dituzte. Gaur [martxoak 25] 17:00etan Maite Franco ipuin kontalaria egongo da Eskolape aretoan. Apirilaren 2an, berriz, zirku tailerra egongo da kiroldegiko kantxan, 17:00etatik 19:00etara.