ELAri ikusgarritasuna emateko asmoz erronka abiatuko du Mikel Osa ondarrutarrak
1.200 kilometroko ibilbidea osatuko du bizikletaz, Anhela elkartearekin batera landutako proiektuaren baitan. Sare sozialen bitartez erronka jarraitzeko aukera egongo da.
ELA gaixotasunari ikusgarritasuna emateko asmoz, Mikel Osa ondarrutarrak Malagara arteko bidea osatuko du bizikletaz (1.200 kilometro). Eguaztenean [martxoak 27] eguerdiko 12:00etan abiatuko du erronka, Itsasaurretik.
Osak behin baino gehiago osatu du ibilbidea, hortaz, ezagutzen du, baina helduko dion bidaia “berezia” dela aitortu du, Anhela elkartearekin batera landutako proiektuaren baitako erronka izango baita eta ELA gaixotasunaren ondorioz galdutako lagunaren omenez egingo baitu: “Muskizkoa zen bera eta lagun handia nuen, eskiatzen eta beste jarduera batzuetan ibiltzen ginen elkarrekin, eta ELA gaixotasunarekin hil zen. Bizikleta martxa solidarioa egingo dut, ikusgarritasuna emateko”.
Egunero 200 kilometro inguru egingo ditu eta bandera bat eramango du gainean, ikur gisa. “Bandera handi bat izango da nire erakusgarria, eta herri garrantzitsuetara edo jendetsuetara iristean bistan eramango dut bandera hori; hori izango da nire ikurra”. Erronka sare sozialen bidez jarraitzeko aukera egongo da, zehazki, Instagramez Osa eta Anhela elkartearen kontuen bitartez.