Gorputza eta mugimendua lantzeko ikastaroa egongo da Etxebarrian
Emakumeei zuzendutako doako ikastaroa da. Bost saio izango ditu, eta apirilaren 10ean egingo dute lehenengoa.
Gorputza eta mugimendua landuko dituzte Etxebarrian datozen hilabeteetan. Izan ere, Gorputza, dantza, mugimendua eta plazerra izenagaz, bost saioko doako ikastaroa eskainiko du Etxebarriko Udalak, parekidetasun batzordearen ekimenez.
Emakumeei zuzendutako ikastaroa dela nabarmendu dute antolatzaileek, eta norberarekin eta besteekin egoteko espazioa landuko dituzte: espazioa, gorputzak eta mugimendua. Hori horrela, elkarrekin ahalduntzeko bidea hasiko dute ikastaroan parte hartzen dutenek.
18:30ean hasi eta 20:00etan amaituko da saio bakoitza, udaletxean; apirilaren 10, 17 eta 24an eta maiatzaren 8 eta 15ean ipini dituzte hitzorduak. Izena emateko bi bide zabaldu dituzte: presentzialki eta telefonoz. Alde batetik, presentzialki izena eman nahi dutenek udaletxean egin beharko dute, astelehenetik barikura, 09:00etatik 14:00etara. Telefonoz egin nahi dutenek, berriz, 94-616 64 32 edo 94-616 74 09 telefonora deituz eman dezakete izena.