"Lehia polita" ikusi ahal izan da Lekeitioko Beteranoen Trinkete Txapelketako bi finaletan
Masterren mailan Astigarraga eta Etxezarraga nagusitu dira, 30-24. Nagusien mailan, berriz, Goitia eta Foster iazko txapeldun lekeitiarrek ezin izan dute bigarren aldiz txapela jantzi, eta Latxiondok eta Malaxek irabazi dute, 30-17.
Lekeitioko trinketeak Euskal Herriko jokalari beteranoenak hartu zituen atzo [martxoak 24] Lekeitioko Beteranoen Trinkete Txapelketako finalak jokatzeko. Akarregi Pilota Elkarteak antolatu du aurtengoan ere txapelketa, eta frontoia beteta, bi mailatan banatuta jokatu zituzten finalak: master mailakoek 11:00etan jokatu zuten, eta beteranoek, berriz, 12:00etan.
Astigarraga eta Etxezarraga urdinagaz eta Conde eta Jaunarena kolore gorriagaz “lehia politean” aritu ostean 30-24 amaitu zen partida, urdinen alde. Txapelketako beteranoenak irabazi zuen partida: “Iñaki Astigarraga itziartarrak 70 urte egingo ditu aurten, bera da aurtengo beteranoena”.
Lehenengo sakeagaz gorriek euren lehenengo tantoa eskuratu zuten, baina segituan urdinek aurrea hartu, eta 5-2 ipini zuten markagailua. Hala ere, ezustekoa heldu zitzaien Astigarraga eta Etxezarragari, izan ere, itziartarrak eskumako hanka bihurritu zuen. Hori aprobetxatuz, Jaunarena nafarrak markagailua irauli zuen, eta gorriek aurretik jartzea lortu zuten, 5-8.
Hori horrela, Etxezarragak “partidaren pisua hartzeko erabakia” hartu zuen, eta sakea aprobetxatuz, guztira 9 tanto egin zituen: “Pilotak ondo moztuz 18-12 aurretik jartzea lortu zuten. Hala ere, galtzaileek ez zuten amorerik eman, eta Jaunarenak ere sake eta jokaldi politak ginez 18-20 aurreratu ziren”. Hala ere, Condek eta Jaunarenak ezin izan zieten gehiago aurrea hartu Astigarraga eta Etxezarragari: “Conde ez da fin ibili, eta Jaunarena ere gerria minduta, ezin izan du bere trebetasuna erakutsi”. Hori horrela, bi tanto txapapera botaz, eta beste bi txapagaz, partidak “ihes” egin zieten, 27-24.
Maila nagusian berriz, Condek epaile lanak egin zituen: Latxiondo eta Malax kolore gorriagaz eta Goitia eta Foster iazko txapeldun lekeitiarrak urdinagaz, gorriek lortu zuten txapela, 30-17.
Gorriek irabazi zuten arren, urdinak aurretik hasi ziren. Izan ere, sakea urdin atera zen, eta segituan abantaila hartzea lortu zuten, markagailua 0-4 jarriz. Hala ere, gorriek aurrera egitea lortu zuten, eta Malaxen tantoa izan zen euren lehenengoa. Jarraian Goitiak sarea eta sakea baliatuz markagailuan 7-6 jartzea lortu zuen, partida guztian lehenengoz gorriak aurretik jarriz.
Latxiondo “bikain” aritu zen, eta Goitiaren sake luzeei esker abantaila euren alde mantentzea lortu zuten: 10-7, 17-11, 20-13… Malaxek, gainera, sakeagaz guztira 15 tanto egitea lortu zituen: “Falta bi ere egin zituen, baina sarea bikain babestu du eta dio Goitiari bere jokoa egiten utzi. Horregatik, Goitia ez da gustura aritu, eta ez du asmatu aurrean jokatzerakoan. Fisikoak ere ez diete lagundu iazko lekeitiar txapuldei, eta hainbat alditan atsedena hartu behar izan zuten”.
Nahiz eta 29-14 lekeitiarrak galtzen joan, partidari buelta ematen saiatu ziren: “Goitiak eta Fosterrek ondo bideratuta tantoei esker, markagailua 29-17 jartzea lortu zuten, ikusleak ilusioz betez. Hala ere, Malaxek bikain sarera bideratutako tantoa izan zen azkena. Euren lehenengo txapelagaz pozik daude urdinak, eta baita lekeitiarrak ere, txapelketa polita egin dute eta!”.