Mendexako mendi martxan izena emateko aukera zabalik dago
Apirilaren 14an ipini dute hitzordua eta bi ibilbide egongo dira aukeran: 15 kilometrokoa eta 7 kilometrokoa.
Apirilaren 14an ipini dute hitzordua mendexarrek Tontorrak mendi martxari ekiteko eta bi ibilbide edukiko dituzte aukeran mendizaleek; 15, 42 kilometrokoa (600 meroko desnibel metatuarekin) eta 7 kilometrokoa.
Ibilbide luzea 09:0etan hasiko da herriko plazatik; Paguko mendia, Likoalarra, Gerika, Sinoitz, Zaldigana, Karakola eta Egita igaro ostean, berriz bueltatuko da Mendexako plazara. Lau ordu inguruan egiteko ibilbidea dela zehaztu dute antolatzaileek. Ibilbide laburra, ostera, 10.30ean abiatuko da plazatik; Leagi, Lea, Zulueta eta Iturretatik igaroko da, berriz ere abiapuntura bueltatzeko.
Martxari heldu baino lehenenago gosaldu nahi dutenek taberna zabalik izango dutela zehaztu dute. “Ibilbidean janaria eta edaria egongo da. Baita oparia eta pintxoa amaieran ere”.
Izena eman nahi dutenek apirilaren 7a izango dute azkenengo eguna. Umeek 5 euro ordaindu beharko dute, nagusiek, berriz, 10 euro. Apuntatzeko izen emate orria bete eta transferentzia egin beharko da.