Apirilaren 28an egingo dute III. Andra Martxia
Lekittoko Mugimendu Feministiak "denentzako moduko" 14 kilometroko mendi martxa egingo du apirilaren 28an. Hiru orduko ibilbidearen ostean luntxa egingo dute Andraetxean, eta opari bat ere jasoko dute parte hartzaileek. Parte hartzeko izena eman behar da.
Hirugarren aldia izango da Lekittoko Mugimendu Feministiak herriko eta inguruetako emakumeak elkartzeko mendi martxa egingo duela. Aurtengoan, apirileko azken asteburuan jarri dute hitzordua, 28an, hain zuzen ere. Izena emateko sare sozialetan zabaldu duten estekaz gain, presentzialki eguaztenetan ere egin ahal izango da, 17:30etik 19:30era, Andraetxean, 7 euroren truke.
09:00etan abiatuko da ibilbidea, Andraetxetik. Aurtengoan, gainera, berrikuntzekin dator: “Lehenengo urtean Ispasterretik egin genuen ibilbidea, eta iaz, Mendexatik. Aurten ibilbide guztia Lekeition egingo dugu, iazkoa apur bat gogorra izan zela uste dugu eta”. Hori dela eta, aurten 14 kilometroko ibilbidea den arren, “denentzako modukoa” dela nabarmendu dute antolatzaileek: “Ez da igoera handirik egongo, handiena Talaiakoa izango da. Herritik ere pasako da, portutik esaterako, eta baita bide gorritik ere. Gu elkarri itxaroten egoten gara, denok batera heltzeko”.
Hori horrela, hiru orduko ibilbidea egingo dute, eta amaieran, opari bat jasotzeaz gain, luntxa ere egingo dute Andraetxean: “Iaz eguraldiak baldintzatu zuen apur bat mendi martxa, eta aurtengo oparia aterkinak izatea pentsatu dugu. Beraz, aterkin more bat izango da aurtengo oparia, Andraetxeko logoarekin”.
Emakumeen elkargune. Ohiko mendi martxa bat izatetik haratago doa Andra Martxia: “Mendi martxa asko daude, baina, hau emakumeen artean goiz pasa egiteko asmoarekin egin dugu. Iaz kanpoko emakume batzuk ere etorri ziren, eta espero dugu aurten ere hala izatea. Aukera ematen dugu apuntatu barik etortzeko ere, emakumeak batzeko elkargunea izatea nahi dugulako”.
Emakume etorkinei ere parte hartzeko deia egin nahi izan diete: “Gure herrian emakume etorkin asko daude, eta saiatzen gara Andraetxera ere etorri daitezen. Hizkuntza da oztoporik handiena, baina saiakera egiten dugu. Nahi dugu bai herriko emakumeak eta baita kanpokoak ere batzea, eta elkarrekin goiz pasa egitea, integrazioa ere lantzeko. Denok elkarrekin ahaldundu gaitezen nahi dugu”.